Egun batzuk joan dira finalak irabazi zenituztenetik. Zer aho zapore utzi dizue?
Iker Chicharro: Gu apur bat lasaiago gaude orain. Gogoan dut zer nerbioso geunden finalaren aurreko egunetan! Eta hori final asko daramatzagula jarraian. Asteburuan lagunarteko bat jokatuko dugu Tenerifen, denboraldia amaitzeko.
Paula Palacios: Asteburuan ospakizunetan ibili ginen oraindino eta titulua asimilatzen gabiltza.
Zer ospakizun izan zenuten?
P.P.: Urte askotatik hona errugbiaren inguruko jai bat ospatzen dute Arrasaten eta jai hori gure lorpena ospatzeko baliatu zuten. Tradizio bat dute: Arrasatek tituluren bat irabazten badu, kamioi bat ateratzen dute eta jokalariak herrian zehar kamioian ibiltzen dira ospatzen. Oso esperientzia polita izan zen.
Zelan baloratzen dituzue batak bestearen lorpenak?
I.C.: Geureaken lorpena gurea baino handiagoa dela esango nuke. Hiru talde batu eta elkar ondo ezagutu barik lortu dutena lortzea ikaragarria da. Sekulako meritua dute.
P.P.: Gizonetan segidan bost final jokatzeak asko esan gura du. Ezin daiteke gehiago eskatu. Eta aurten kopa biak etxera ekartzea… Oso positiboa da.
Paula, partiduko azken jokaldian lortu zenuten garaipenaren entsegua. Zelan gogoratzen duzu momentu hura?
P.P.: Poza alde guztietatik! Eta ez genuen sinesten txapeldunak ginela. Guk irabaztea sorpresa handia izan zen. Entsegua Haizea Zabala arrasatearrak egin zuen.
Gaztedi faborito argia zen: mailaz igo da, aurten aurretik euren kontra jokaturiko hiru partiduak galdu zenituzten… Zelan esplikatzen da zuen garaipena?
P.P.: Denok argi genuen oso aukera txikia geneukala irabazteko. Finala gozatzeko mentalitateagaz joan ginen: irabazi ahal bazen irabazi, baina gutxienez momentuaz gozatu eta gure mailarik onena eman gura genuen.
Iker, zuen kasuan klasiko bat bihurtzen ari da Universitario Bilbaoren kontrako finala. Zerk eraman zuen finala zuen aldera?
I.C.: Hirugarren urtez jarraian jokatu dugu finala elkarren aurka, eta dagoeneko ondo baino hobeto ezagutzen dugu elkar. Talde bakoitzak badaki besteak zelan jokatzen duen. Guk asko estudiatu dugu euren gaineko guztia eta seguru nago eurek ere berdina egin dutela gugaz. Esango nuke euren akatsak eta ahultasunak hobeto aprobetxatu genituela. Edozelan ere, final estua izan zen; puntu biko aldea egon zen bakarrik.
Bilboko taldearen kontrako hirugarren finala da, baina Elorrioko gizonen taldeak final gehiago daramatza elkarren segidan.
I.C.: Bost final daramatzagu segidan. Lehenengoa hemen jokatu genuen, Elorrion, Sara taldearen aurka. Gutxigaitik galdu genuen. Hurrengo urtean Eibarren kontrako finala jokatu eta irabazi egin genuen Irunen, Txingudi taldearen zelaian. Eta gero Universitario Bilbaoren kontrako hiru finalak heldu dira. Lehenengoa galdu eta beste biak irabazi ditugu.
Bost final segidan eta hiru garaipen, a ze bolada! Zerk bereizten du talde hau besteengandik?
I.C.: Sarritan esaten da eta egia da: familia bat gara. Elorrio 7.000 biztanle inguruko herria da eta jokalari asko elkarregaz ibiltzen gara. Kalean elkarregaz, gimnasiora elkarregaz, umetatik elkarregaz entrenatzen… Familia bat izatea lortu dugu eta horrek aldea markatzen lagundu digu. Esango nuke Geureakek ere asmatu duela horretan, talde batua egiten. Herri edo hirietan jokalarien joan-etorria handiagoa izaten da. Hemen estabilitate bat dugu. Gero, jakina, talde bietan maila handiko jokalariak daude.
Betsaide Elorrio mailaz igo daiteke aurten?
I.C.: Bai. Euskal Ligako irabazleak Ohorezko B Mailarako igoera fasea jokatzeko eskubidea du. Kontua da Espainiako Errugbi federazioa maila hori berrantolatzekotan dabilela. Beraz, baliteke igoera fasea jokatu barik ere igo ahal izatea. Zain gaude federazioak zer erabakiko. Denboraldi hasieran helburu hori markatu genuen, Ohorezko B Mailara igotzea, eta azkenera arte borrokatuko gara. Euskal Ligako bost final jokatu ditugu jarraian eta euretariko hiru irabazi ditugu, eta, beraz, uste dugu sasoi aproposa dela beste pauso bat ematen ahalegintzeko.
Paula, zelan joan da zuen liga?
P.P.: Hasieran duda geneukan. Elorrio eta Zornotza batera genbiltzan aurretik, baina aurten, Arrasategaz, hiru talde elkartzen ginen lehenengo aldia zen: hiru entrenatzaile, entrenatzeko hiru herri… Beldur apur bategaz hasi ginen, baina, zorionez, segituan hartu genuen martxa. Elkar ondo hartu dugu eta urte ona izan da.
Geurea taldearen estreinako urtean Euskal Liga irabazi duzue. Zer esan gura du horrek proiektuarentzat?
P.P.: Potentziala duen proiektua dela erakusten du, eta zaindu beharreko zeozer dela. Errugbian eta emakumeetan sarritan kostatu egiten da taldeak ateratzea. Orain urte batzuk ez geneukan talderik eta bost urte geroago Euskal Ligako txapeldun gara. Gainera, harrobian ere badabiltza neskak, eta eurekin ere lanketa bat egin behar da etorkizunari begira.
Hainbat urte daramazu Elorrion errugbian. Inoiz imajinatu duzu hain gora heltzerik?
P.P.: Irabaztera helduko ginela ez, baina lana eginda gora heldu gintezkeela bai, behe-behetik hasita taldeak zelako garapena izan duen ikusita.
David Palacios taldeko entrenatzailea zure aita da. Zelakoa izan da hartu-eman hori?
P.P.: Espero nuena baino hobea. Hasieran beldur apur bat ematen zidan, entrenamenduko kontuak etxean gogoratuko ote zizkidan, baina ez; alde biak banatu ditugu eta ondo joan da. Zelaian eta entrenamenduetan jokalari bat gehiago izan naiz. Ez da igarri aita-alabak garela.
Iker, zu taldeko jokalaria ez ezik entrenatzailea ere bazara, eta 20 urte baino ez dituzu. Zelan heldu zara postu horretara?
I.C.: Errugbia betidanik gustatu zait. Niretzat funtsezkoa da neure bizitzan. Nire balioetariko asko, familiarengandik ez ezik, errugbitik datoz. Urterik urtera errugbiari buruz gehiago ikasteko gogoa izan dut. Bizkaia mailako epaile ikastaroekin hasi nintzen. Gero, umeen entrenatzaile izateko ikastaro bat egin nuen. Ikastaro bat besteagaz kateatzen nuen. Azkenean, seniorretako entrenatzaile izateko ikasketak egitea erabaki nuen. Klubak nagusien taldeko entrenatzaile izateko aukera eskaini zidan eta hemen nabil, daukadan dena ematen.
Zelan ematen zaizkio aginduak, demagun, 30 urteko beterano bati?
I.C.: Asko kostatzen da, ezin dizut kontrakorik esan. Behin baino gehiagotan pentsatu dut: "Zer esango diot nik honi, ni jaio nintzenetik errugbian dabil eta!". Edo Lehenengo Mailan jokatua duen bati, zer eta zelan esan? Errespetua da oinarria, denen partetik. Sarritan esaten diet jokalariei ni ez natorrela inor baino gehiago izatera. Eta gustukoak ez diren erabakiei buruz berba egin daitekeela, patxadaz beti ere. Denen aportazioa garrantzitsua da. Ikasi ere egiten dut askotan. Garrantzitsuena taldea da, taldea apurka hazten joatea.
Zelan esplikatzen da 7.000 biztanleko herri batek errugbian duen arrakasta hau?
I.C.: Urteetako lanaren emaitza da. Jokalari askok txikitatik elkar ezagutzen dute. Jokalari bakoitzak ondo baino hobeto daki besteak zelan jokatzen duen. Eta hori igarri egiten da jokatzerako orduan. Gainera, maila handiko jokalariak ditugu. Esango nuke goragoko maila batean aritzeko maila dugula.
Horrelako garaipenek zelan lagundu dezakete herrian eta gazteen artean errugbia oraindino gehiago zabaltzen?
P.P.: Elorrion lehendik ere zaletasun handia dago errugbian, baina Euskal Liga biak irabaztea eta herrian zehar ospatzeak ikusgarritasuna ematen dio kirol honi eta horrek jendea kirol hau probatzera bultzatu dezake. Nik probatzera animatzen ditut denak, kirol ederra delako.

Geurea taldea, kamioian garaipena ospatzen Arrasaten zehar. GEUREA
Betsaide Elorrioko jokalarien ospakizuna. BETSAIDE ELORRIO