Gaur goizean Elorrion gauzatzekoa zen etxegabetzea atzeratu egin dute azken unean. Durangaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren deialdiari erantzunez, ehun bat pertsona batu dira eraikinaren atarian egoera salatzeko. Etxegabetzea 10:00etarako aurreikusita zegoen. 10:15 inguruan bertaratutakoak txaloka hasi dira eta deitzaileek etxebagabetzea atzeratu egin dela informatu dute. Adierazi dute ez zekitela atzeratzearen arrazoi zehatza. Haien esanetan, baliteke mobilizazioak eragina izatea, eta azpimarratu dute auzia ez dela amaitu eta datozen deialdiei "adi egoteko" eskatu diete bertaratutakoei.
Sindikatuak atzo sareetan salatu zuenez, familia 2009tik bizi da Galartzauria kaleko etxebizitza horretan eta "zaurgarritasun egoera aitortzen duten txostenak ditu". "Hala ere, etxegabetzeen moratoria erori bezain pronto, Alokabidek hainbat etxegabetze berrabiarazi ditu", gehitu zuten. Sindikatuaren arabera emakumea "hainbat aldiz saiatu da Alokabiderekin zorra ordaindu ahal izateko modua adosten, baina erakunde publikoaren erantzunik jasotzeke" iritsi da etxegabetze egunera. Gainera, emakumeak "genero-indarkeria eta indarkeria bikarioa frogatu badezake ere, erakundeek diote ez dagoela etxebizitza-alternatibarik beretzat", adierazi zuten.
Azkenik, sindikatutik adierazi zuten "familia zaurgarri bat babes ofizialeko etxebizitza batetik kaleratzeak ez duela ez buru eta ez hanka" eta erakundeei dei egin zieten "etxegabetzea eten eta zorraren ordainketaren inguruan hitz egitera eser daitezen".
Ehun bat pertsona batu dira eraikinaren aurrean.