Gazte Koordinakunde Sozialistak deituta dozenaka lagun batu dira Elorrioko plazan, Vito Quilesen kontrako protesten harira atzo Iruñean izandako atxiloketak salatzeko. GKSk adierazi du, "borroka antifaxista kriminalizatu eta oztopatzeko saiakera bat gehiago" izan direla atxiloketak. Faxismoaren eta autoritarismoaren aurka antolatzera eta borrokan jarraitzera deitu du gazte antolakundeak.
Urriaren 30ean Vito Quiles eskuin muturreko ekintzaileak Nafarroako Unibertsitatean antolatu zuen ekitaldiaren kontrako protestetan izandako parte hartzearen harira atxilotu zituzten 28 pertsona Iruñean. Desordena publikoko delituak egozten dizkiete; batzuei autoritatearen kontrako atentatu delitua ere bai.