Sortzaileen postuetan denerik egongo da: larruzko produktuak, oihal margotuak, zeramika, ilustrazioa, egurretik eta produktu naturaletatik sorturiko dekorazioa, harriekin egindako lanak, erretxinaz egindako bitxiak, kakorratza, umeentzako arropa, eskolarako diseinuzko amantalak…
Urarka kalean dagoen plazan ekintza gehiago egongo dira. Esaterako, Elorrioko Han musika taldeak zuzeneko kontzertua joko du, 12:00etan. Horrez gainera, Brewery Land artisau garagardoa dastatu eta Mieltxo taloak jateko aukera egongo da. Umeentzako gunea ere egongo da, aurpegi margoketagaz. Eta Palestina-Elorrio mugimenduak postua ipiniko du plazatxo horretan.
Azokak ez ezik Eixu elkarteak ere 10 urte egingo ditu aurten. "Urteurrenerako programazioak abendura arte iraungo du eta azokak emango dio hasiera", adierazi du Agurtzane Ugaldea Munitxak, Eixuko kide eta kamiseta abstraktuen Artea Soineaneko sortzaileak.