Elorrio Rugby Taldea eta Geurea Euskal Ligako tituluaren bila lehiatuko dira bihar Zarautzen

Joseba Derteano 2026ko maiatzaren 29a

Geurea Rugby Taldea. (Argazkia: Elorrio Rugby Taldea)

Emakumeen Geurea taldeak lehenengoz jokatuko du finala; gizonek, berriz, hirugarren urtez jarraian izango dute titulua eskuratzeko aukera.

Zarauzko Asti errugbi zelaiak Euskal Ligen finalak hartuko ditu zapatu honetan. Senior kategorietan Elorrio Rugby Taldea izango da protagonista nagusietako bat; izan ere, emakume eta gizon seniorrek finala jokatuko dute.

15:30ean hasiko den emakumeen finalean Geurea Rugby Taldeak Gaztedi izango du aurkari. Geurea taldea Elorrio Rugby Taldeko, Zornotzako Urgozo taldeko eta Arrasateko errugbi taldeko jokalariek osatzen dute, eta bere ibilbidean lehen aldiz lortu du Euskal Ligako finalera heltzea. Taldeak maila handia erakutsi du urte osoan zehar eta merezimendu osoz heldu da finalera. Gaztedik mailaz igotzea lortu du aurten eta aurkari gogorra izango da. 

Gizonen finala 18:00etan jokatuko dute Elorrio Rugby Taldeak eta Universitario Bilbaok. Hirugarren urtez jarraian neurtuko dituzte indarrak final batean. Duela bi urte Bilboko taldeak irabazi zuen titulua, eta iaz, berriz, Elorriok eskuratu zuen garaipena. Aurtengo denboraldian ere oso parekatuta aritu dira bi taldeak. Ligako norgehiagoketan bakoitzak partida bana irabazi du.

Talde biek zaleen babesa izango dute harmailetan. Elorrion autobusak antolatu dituzte Zarautzera joateko, eta dagoeneko autobus eta erdi beteta dute, klubeko iturrien esanetan. Gainera, inguruko beste herri batzuetatik ere zale ugari bertaratzea espero da.

Bihar beste bi final ere jokatuko dira: 10:00etan, 16 urtez azpikoa, eta 12:00etan, 18 urtez azpikoa. Bietan Getxok eta Uribealdeak neurtuko dituzte indarrak. 14:00etan errugbi inklusiboko partidu bat jokatuko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!