Patxi Calleiras, flotillako kidea: "Gure kideak besarkatzea utzi ez eta kolpeka hasi ziren"

Joseba Derteano 2026ko maiatzaren 29a

Patxi Calleiras, Elorrioko Ateneoan emandako berbaldian. (Argazkia: Elorrio-Palestina)

Palestinara laguntza humanitarioa eramateko azken saiakeran flotillako kide izan diren hainbat ekintzaile herririk herri berbaldiak ematen dabiltza egunotan. Patxi Calleiras altsasuarra da euretariko bat. Martitzenean berbaldia eman zuen Elorrioko Ateneoan beste kide bategaz, eta flotillan bizi izandakoa eta Loiuko aireportuko istiluetan jasandakoa kontatu zuten. 

Israelek flotillaren aurkako hainbat operazio egin du. Calleiras lehenengo operazio batean atzeman zuten eta gura zuen baino lehenago bueltatu zen Euskal Herrira. Beraz, zapatuan, Loiuko aireportuan, harrera taldeko kidea zen. Honela kontatu dio bizi izandakoa ANBOTOri: "Ordu bata inguruan Ertzaintza agertzen hasi zen eta guk ez genekien oso ongi zergatik. Gero, istiluen kontrako poliziak etorri ziren eta segurtasun-hesi bat jarri zuten. Gure kideak hegazkinetik jaistean eta besarkada bat emateko gugana gerturatzen hasi zirenean, azken batean horretarako baikeunden han, ez ziguten utzi gure kideekin elkartzen. Kideengana joan behar genuenean, kolpeka hasi ziren eta tentsio handia sortu zuten. Momentu polita izan behar zuena erabat kakaztu zen".

Calleiras atxilotuetariko bat izan zen. "Bekainean odola neukan, eta min handia hatz batean", esan dio Anbotori. Ziegara eraman aurretik, anbulatoriora joan zen. "Atxilotu zuten beste kide bat ospitalera eraman behar izan zuten", gaineratu du Calleirasek. 

Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriaren adierazpenei ere erantzun die. Zupiriak esan zuen Ertzaintzak ez zuela egoera hori bilatu, baizik eta agenteen kontrako "erasoen" ondorioz hasi zirela. Calleirasen esanetan, ostera, "gezur hutsa" da hori: "Gure kideei ongietorria egitera joan ginen, maiatzaren 4an Cretatik itzuli nintzenean niri egin zidaten moduan. Orduan, gu ere han geundela, aireportuko egoera normala zen eta jende asko zegoen, Bilboko errugbi partidak zirela eta. Joan zen zapatuan, Ertzaintza etorri zenean, eurak hasi ziren gu jipoitzen, eta ez alderantziz. Argi dugu erantzukizunaren ehuneko ehun Ertzaintzarena dela".

Israelen partetik jasandakoa
Flotillan, Calleirasegaz batera, beste sei lagun zihoazen: espainiar bi, katalan bi, brasildar bat eta aleman bat. Israelek Creta inguruan geldiarazi zituen bere ontzia eta beste batzuk. "Ondoren, bi egun pasatu genituen barku-espetxe batean bahituta. Zenbaketa konstanteak, belauniko egon beharra denbora luzez eguzkitan... Barkutik oso modu bortitzean atera gintuzten, kolpeka. 25 bat kide ospitalera joan behar izan ziren, batzuk saihetsak hautsita… Kide batek hankako giharrak izorratuta zeuzkan, gomazko pilota batekin tirokatu zutelako", esan du Calleirasek. 

Flotillaren helburu nagusia Gazara laguntza humanitarioa eramatea zen. Ezin izan dute helburua lortu, baina Calleirasek uste du horrelako ekimenek hango egoeran arreta ipintzeko balio duela gutxienez: "Flotillak 54 herrialdetako partaideak izan ditu. Bahitzen gaituztenean arazo diplomatiko nahiko larria sortzen diogu Israeli. Eta horri esker, Palestinaren arazoari kasu gehiago egitea lortzen da. Tristea da Palestinari kasu egiteko europearrak hara joan behar izatea. Kontziente gara guri egin digutena ez dela ezer Palestinan egunero gertatzen denarekin alderatuta". 


Argazkia: Elorrio-Palestina

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!