"Gaztetxeen eta gazte asanbladen loraldian gaude. Topaketak horren erakusle dira"

Joseba Derteano 2026ko maiatzaren 24a

Aitor Larruzea, Igor Martinez, Xiberu Sanchez eta Uxue Gorrotxategi.

Elorriok Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketak hartuko ditu maiatzaren 29an eta 30ean. Egun osoko egitaraua izango dute, eta hausnarketarako eta jairako tartea. Bonuak eskuragarri daude, maiatzaren 23ra arte. Gaztetxeetan edo gaztetxeasanblada_topaketak Instagram kontuaren bitartez eskuratu daitezke. Topaketen inguruko xehetasunak eman dituzte Elorrioko gaztetxeko Aitor Larruzea Arbuluk, Atxondoko gaztetxeko Igor Martinez Yebenesek, Durangoko gaztetxeko Xiberu Sanchez Barandallak eta Abadiñoko gaztetxeko Uxue Gorrotxategi Agirrek. 

Zenbat gaztetxe eta gazte asanbladetako kide batuko zarete?
Uxue Gorrotxategi: Topaketek oso harrera ona izan dute. Guztira, 100 gaztetxe eta gazte asanblada baino gehiago gaude hartu-emanetan, Euskal Herriko txoko guztietakoak. Topaketak antolatzeko batzarrak oso jendetsuak izaten ari dira. Oso esperientzia aberasgarria izaten ari da. 

Zergaitik dira beharrezkoak horrelako topaketak?
Xiberu Sanchez: Gaztetxe eta gazte asanbladetako mugimenduen parte garenon artean komunitate indartsu bat sortzea eta esperientziak partekatzea inportantea da, eta, alde batetik, horretarako dira topaketak. Gainera, gazteok testuinguru zail bat bizi dugula ikusten dugu. Faxismoa indarra hartzen dabil, eta horregaz batera baita matxismoa eta arrazakeria ere, besteak beste. Horren aurrean gaztetxeek paper inportantea betetzen dutela uste dugu, kontzientzia lan bat egiten dabiltzala, gure artean kezkak azaleratu eta eztabaidatzen, borrokarako tresnak eskaintzen, eta orokorrean mundu ikuskera berri bat eskaintzen. Uste dugu topaketa hauek inportanteak izan daitezkeela gaztetxeen aldeko borrokak bultzatzeko.
Aitor Larruzea: Eztabaidaren kultura bultzatu, bizi garen testuinguruari buruz berba egin eta Gaztetxe eta gazte asanbladen erronken inguruan sakondu gura dugu. Topaketan parte hartzen dugunok erreferentzia politiko desberdinak ditugu eta kritikotasuna sustatu gura dugu. 

Topaketak zer eskaini dezake komunitatea indartzeari eta saretzeari dagokienez?
Igor Martinez: Gaztetxeen aurkako erasoaldian gauden honetan, aurrerapausoak eman behar izan ditugu gaztetxeen arteko hartu-emanak eraiki eta sendotzeko. Bide horretan, topaketak aurrerapauso garrantzitsu bat izaten ari dira. Gaztetxe eta gazte asanbladen arteko hartu-emanak naturalizatu eta borroka esperientziak eta jarduteko moduak partekatzeko espazioak eraiki ditugu. 

Zein da gaztetxeen eta gazte asanbladen gaur egungo egoera?
U.G.: Gaztetxe eta gazte asanbladen loraldi bat bizi dugu. Topaketak horren erakusle izaten ari dira, ehunka gaztek konpromisoz eta gogoz erantzun dutelako. Bileretan aktibitatea eta borrokarako borondate handia dago. Horren adibide dira azkenaldian zabaldu diren gaztetxe berriak edo gazteak gaztetxeetatik derrigorrez ateratzearen aurrean egon diren elkartasun eta defentsa adierazgarri eta eredugarriak. 

EGITARAUA

MAIATZAK 29

• 16:00 Harrera.
• 18:00 Tailerrak.
• 19:30 Azoka gaztetxeroa. 
• 22:30 Zirkua / Gaztetxeak bertsotan / Kontzertuak: Maga Rude eta Meison.

MAIATZAK 30

• 11:00 Hausnarketa kolektiboa.
13:30 Pintxada: Delko.
• 15:00 Bazkaria. Ondoren, La Ruina.
• 17:00 Kantaldia: Arantxa.
• 19:00 Gaztetxeen aldeko manifestazioa.
20:00 Kontzertuak: Skabidean, Mateo Zikuta & El Garto, Maixa Ta Malakias, Dena, Eztanda, Lee Kore eta Aurrez Aurre. Ondoren, DJak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!