Udal hauteskundeak 2027

Mikel Arruabarrena Azpitarte izango da EAJren Elorrioko alkategaia

Anboto 2026ko maiatzaren 14a

Uri Batzarrak aho batez onartu du bere hautagaitza.

Elorrioko EAJ-PNVren Uri Batzarrak aho batez aukeratu du Mikel Arruabarrena Azpitarte Elorrioko alkategai izatea 2027ko maiatzean egingo diren udal hauteskundeetan. Halaxe jakinarazi du alderdi jeltzaleak ohar batean. Arruabarrenak laugarren udal hauteskundeak izango ditu, Elorrioko Udalean hiru legegintzalditan zinegotzi izan ondoren.

Arruabarrenak eskerrak eman ditu beregan jarritako konfiantzagatik, eta ziurtatu du etapa berri honi “ilusioz, arduraz eta Elorrioren alde lanean jarraitzeko gogo handiz” ekingo diola. Era berean, berretsi du alkate hautatua izanez gero Eusko Legebiltzarreko eserlekua utziko duela, bere ahalegin eta dedikazio guztia udal kudeaketara eta Elorrioren etorkizunera bideratzeko helburuarekin.

Portugaleteko Nautika Eskolan lizentziaduna, enpresa pribatuan ere badu esperientzia profesionala; zazpi urtez lan egin zuen, 2016ko urrian Eusko Legebiltzarrera batu aurretik. Gaur egun, ganbera horretako legebiltzarkide jeltzalea da.

EAJ-PNVk haren ibilbide instituzionala, tokiko errealitatearen ezagutza eta Elorriorentzat “proiektu serio, hurbil eta etorkizuneko anbizioa duena” gidatzeko gaitasuna nabarmendu ditu. Ildo horretan, alderdi jeltzaleak adierazi du datorren legegintzaldiko helburu nagusietako bat izango dela "etxebizitza eskuragarrien eraikuntzan aurrera egitea eta udalerriko zerbitzu publikoak indartzea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!