Iguriako auzotarrek kontzentrazioa egin zuten joan zen barikuan Elorrioko plazan, auzoak herrigunearekin lotzeko oinezkoentzako eta bizikletentzako bide segurua eskatzeko. Auzotarrek salatu dutenez, urteak daramatzate "AHTaren obren ondorioak jasaten", eta oraindik ez dute herrira modu seguruan joateko aukerarik. "Gaur egun, adineko pertsonek, haurrek dituzten familiek edo autoa erabili nahi ez dutenek ez dute herrira modu seguruan joateko aukerarik", salatu dute sare sozialetan.
Auzotarrek azaldu dutenez, gaur egun Iguria eta Elorrioko erdigunea banatzen dituen N-636 errepideak arrisku handia sortzen du eguneroko joan-etorrietan. "Trafiko handiarekin, ibilgailu astunekin eta gehiegizko abiadurarekin bizitzera behartzen gaitu. Bitartean, agindutako irtenbideak ez dira iristen, eta denborak aurrera jarraitzen du. Ez dugu pribilejiorik eskatzen. Segurtasuna, duintasuna eta gure herriarekin benetako lotura eskatzen dugu", adierazi dute.
Mobilizazioekin jarraitzeko asmoa ere iragarri dute. Hain zuzen, maiatzaren 22an, 19:30ean, berriro elkartuko dira Elorrioko plazan. Horrez gainera, euren arazoak azalduz etxez etxe buzoneo bat egiteko asmoa adierazi dute.