Elorriok erosketa bonoen kanpaina martxan jarriko du

Anboto 2026ko apirilaren 30a

Maiatzaren 2tik 30era bitartean egingo da aurten, tokiko merkataritza sustatzeko ekimena.

Elorrioko Udalak eta EME elkarteak 'Elorrion bertatik bertara' izeneko erosketa bonoen kanpaina abiatu dute aurten ere, herriko merkataritza indartzeko eta tokiko kontsumoa sustatzeko helburuarekin. Kanpaina maiatzaren 2tik 30era bitartean egongo da indarrean, eta herritarrek aukera izango dute deskontu bereziak baliatzeko atxikitako establezimenduetan, udalak ohar batean informatu duenez.

Aurreko edizioetan bezala, 30 euroko erosketa egitean, herritarrek 20 euro ordainduko dituzte. 18 urtetik gorako pertsona bakoitzak gehienez bi bonu erabili ahal izango ditu, bi erosketatan banatuta edo erosketa bakarrean aplikatuta; kasu horretan, gutxienez 60 euroko erosketa egin beharko da.

Erosketak kanpainara atxikitako saltokietan egin ahal izango dira, establezimendu batean edo bitan, beti ere parte hartzen duten dendetan. Aurten, guztira Elorrioko 26 komertzio bat egin dute kanpainarekin, eta bakoitzak 76 bonu izango ditu herritarren eskura.

Bonuen trukea aurreko edizioetan bezala egingo da, merkatariek kudeatutako aplikazio informatiko baten bidez. Horrela, herritarrek NANa aurkeztu besterik ez dute egin beharko dendetan, eta ez dute bestelako agiririk edo euskarri digitalik beharko. Iazko kanpainaren ildo beretik, erosketak herriko dendetan egitea sustatuko da, Elorrio bizirik eta aktibo mantentzeko. "Ekimenaren helburua argia da, tokiko merkatariei babesa ematea eta herrian bertan kontsumitzea bultzatzea, hurbileko ekonomia indartuz", adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!