Elorrio etxebizitza merkatu tentsionatuaren eremu izendatzeko Eusko Jaurlaritzari eskaria egitea onartu zuen udalbatzarrak, joan zen martxoaren 26an. EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeen aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin egin zuen aurrera akordioak, Elorrio tentsio handiko eremua izendatzeko bidean pauso bat gehiago emanez.
Izendapen hori lortzeko prozedura formala abiatu dadin, udalak dagoeneko bidali du Etxebizitza sailera herriiko etxebizitzaren egoerari buruzko diagnostikoa eta ekintza plana. Udal ordezkariek jakitera eman dutenez, diagnostikoak agerian uzten du Elorrion etxebitza merkatua ez dagoela "orekatuta", eta ez duela "bermatzen" etxebizitza baldintza egokietan eskuratzea. "Hau da, tentsio handiko bizitegi eremua izendatzeko eskaera ez da arbitrarioa, datu objektibo eta neurgarrietan oinarritua baizik", nabarmendu dute. Landutako ekintza planean "antzemandako desorekak zuzentzeko ezarriko diren neurri zehatzak jasotzen dira, baita izendapenak indarrean iraungo duen hiru urteetarako garapen-egutegia ere", zehaztu dutenez.
26 neurri
Lau ardatz nagusitan antolatutako ekintza planak 26 neurri jasotzen ditu: alokairu eskuragarria sustatzea; etxebizitza parkeari eta hiri-birgaitzeari lotutako jarduerak; alokairurako prestazio eta dirulaguntza sistema; eta gobernantza eta erakundeen
arteko koordinazio mekanismoak.
Udal ordezkariek azaldu dutenez, neurri batzuk dagoeneko martxan daude; beste batzuk, ordea, tentsio handiko bizitegi izendapena lortu ondoren bakarrik ezarri ahal izango dira. "Hori dela eta, izendapen hau funtsezkoa izango da neurri esanguratsuak aplikatzeko, hala nola alokairu prezioen mugaketa, errentarientzako luzapenak ezartzea, jabe handien aurrean jarduteko neurriak edo etxebizitza publikoaren eskaintza handitzeko aukerak, besteak beste", gaineratu dutenez.
Jaurlaritzak aurkeztutako dokumentuak aztertuko ditu, eta ondoren Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioari helaraziko dizkio, azken izendapena egiteko eskumena duen erakundeari.