Elorrioko Udala "arduratuta" dago osasun zentroko "defizientziekin", bere esanetan, udalerriari dagozkion osasun langile ratioak ez direlako betetzen: "Azkenaldian inoiz ez dago plantilla osoa batera lanean. Izan ere, oporrak edota bajak hartzen dituztenean, ez dira ordezkatzen". Egoera horren ondorioz, langileek "estresa eta itolarria" bizi dituztela esan du udalak, eta herritarrek "ezinegona eta ardura" sentitzen dituztela.
Egoera horrek ñabardura berezi bat duela gaineratu du udalak, osasun zentroko medikuek udalerriko beste egoitza bitan (Bizkaiko Foru Aldundiaren nagusien egoitzan eta Zumelegi laguntza zentroan) esku hartzen dutelako. "Anbulatorioan kontsulta pasatzeaz gain, bi zentro hauetan ere kontsulta pasa behar izaten dute, lehen zuten lan zama handia oraindik ere gehiago tenkatuz", zehaztu du udalak. Hori dela eta, Osasun Sailari eskatu diote osasun zentroko bajak ordezkatzeaz gainera, mediku bat jartzeko nagusien egoitzarako. Emaginaren eta pediatraren kasuan, egoera antzekoa dela dio udalak: "Baja hartzen badute, ez dituzte hutsune horiek betetzen".
Hori guztia dela eta, Elorrioko herritarrei "zerbitzu duina ematea" eskatu du udalak. Horregatik guztiagatik, aurrean aipatzen den guztia betetzeko eskatuz, Osasun Sailera gutun bat bidaliko dutela jakinarazi dute.