Euskal Herriko hainbat Gaztetxe eta Gazte Asanbladaren lanari esker, Elorriok Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketak hartuko ditu maiatzaren 29tik 30era.
Antolatzaileek ohar batean azaldu dutenez, asanblada irekien bidez ari dira topaketak prestatzen. Momentuz lau egin dituzte eta bosgarrena hurrengo asteetan izango dela aurreratu dute. "Topaketetan parte hartzeko gogoa duen edozein Gaztetxe zein Gazte Asanblada gurekin harremanetan jartzera animatzen dugu", adierazi dute oharrean.
Sare sozialetan topaketaren helburuak zehaztu dituzte, hala nola Gaztetxe eta gazte asanbladen arteko saretzean aurrerapausoak ematea eta komunitatea indartzea, erronka zaharren nahiz berrien inguruan kolektiboki hausnartzea eta Gaztetxeen loraldia bultzatzea.