Betsaide Elorrio errugbi taldeak segurtatuta ditu lidertza eta play-offa

Anboto 2026ko martxoaren 21a

Zapatuan etxean jokatuko dute, Universitario Bilbaoren aurka. ELORRIO RUGBY TALDEA

Betsaide Elorrio taldea denboraldi bikaina egiten dabil aurten ere. Euskal Ligako fase erregularra amaitzeko hiru jardunaldi falta direnean, segurtatuta dute lider amaitzea, eta, ondorioz, baita play-off postua ere. Testuinguru horretan hartuko du Universitario Bilbao Taldea gaur, 17:00etan, Elorrioko San Roke zelaian. 

Orain arte jokaturiko 15 partiduetan ez du porrotik ezagutu: 14 garaipen eta berdinketa bat. Aurtengo denboraldiak iazkoaren traza du. Iaz ere ezin hobeto ibili ziren liga erregularrean, eta Euskal Ligako finala irabazita borobildu zuten denboraldia.

Bestalde, Durango Hirumet sailkapeneko seigarren tokian dago une honetan. Zazpi partidu irabazi eta beste horrenbeste galdu ditu orain arte. 

Maila bat beherago, Zornotzako Urgozo oso ondo dabil. Amaitzeko hiru jardunaldiren faltan bigarren sailkatuta dago, jokaturiko 14 partiduetatik 12 irabazita. 

Geurea, play offen bila
Emakumeetan, Elorrioko, Urgozoko eta Arrasateko neskek osaturiko Geurea taldea kanporaketetara sailkatzeko borrokan sartuta dabil, hirugarren postuan. Durango Ermar taldea seigarren dago une honetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!