Elorrio futbol taldea, maila segurtatu eta gero Kopako sailkapenaren bila

J.D. 2026ko martxoaren 10a

Klubaren historian lehenengoz, Hirugarren RFEF Mailan jokatzen dabilen arren jaisteko arriskutik kanpora dago.

Aurtengoa ez da edozelako denboraldia Elorrio futbol klubeko emakumeen talde nagusiarentzat. Iazko igoeraren ondoren, lehenengoz dabiltza Hirugarren RFEF Mailan. Azken jardunaldira arte mailari eusteko borrokan murgilduta egotea litzateke normalena, baina liga amaitzeko lau partidu falta direnean helburua beteta dago: matematikoki salbu daude. Beraz, azken txanpara begira, gorago dute ipinita arreta eta Euskal Kopara sailkatzen ahaleginduko dira. Horretarako, lehenengo zortziren artean geratu behar dute. Guztia kontuan hartuta, Gontzal Arana entrenatzaileak ez du zalantzarik. "Oso denboraldi ona izaten ari da", esan du.

Elorriok irabazi egin zituen Ligako lehenengo hiru partiduak, euretariko bi luzapenean. Gerora, ezin izan diote emaitza bolada horri eutsi, eta, zelanbait esanda, urak bere bidera etorri dira. Egoera hura " ez zela erreala" uste du Aranak. "Talde solidoa dugu, baina esperientzia falta zaio maila honetan", argitu du. Une honetan bederatzigarren kokatuta daude. Ligari aurre egiteko, hainbat jokalari berri ekarri dute: Ane Mendoza eta Estibaliz Macarulla Bizkerre taldetik, Malen Txopitea Athleticek utzita etorri da, Maria Briones eta Ane Urrutia futbolera bueltatu dira, eta Oihane Bengoa ere taldera bueltatu da. 

Larruskain, golegile
Itsasne Larruskain golegile dabil aurten ere. Berdin dio Euskal Ligan ala Hirugarren RFEF Mailan aritu, 33 urteko aurrelari abadiñarraren golerako senak bere horretan jarraitzen du. Une honetan mailako hirugarren golegile nagusia da, hamazazpi partidutan bederatzi gol sartuta. Taldearentzat zoritxarrez, hurrengo partiduetan ez du jokatuko, besoko lesio batengatik. 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!