"Oso exijentea izan da Vhäldemarreko Pedro J.Mongegaz grabatzea"

Aritz Maldonado 2026ko martxoaren 9a

Mikel Uribe, Joseba Flores, Mikel Quesada eta Jandro Camuñas.

Hamabost urte joanda ere, Sugoi taldeak heavy metal doinuei eutsi die disko berrian; besteak beste, apirilaren 17an Abadiñoko Amaraun aretoan joko dute.

Lanean hamarkada bi baino gehiago daraman arren, Sugoi talde elorriarrak hasiberrien ilusioagaz jarraitzen du. Iazko urte amaieran Reset lana kaleratu zuen, lehenengo lana hamabost urteren ondoren. Hamar ereserki metalzalek osatzen dute lana eta hainbat kolaborazio ere izan dute; besteak beste, Aitor Gorosabelek (Su Ta Gar) eta Pedro J. Mongek (Vhäldemar) parte hartu dute. Hainbat kontzertu iragarri dute; tartean, Abadiñoko Amaraunen apirilaren 17an emango dutena. Sugoik etxean aurkeztu zuen Reset lana, Elorrioko Ateneoan, hain zuzen ere, otsailaren 28an. ANBOTOk Joseba Flores abeslariagaz berba egin du kontzertu horren ondoren. Beragaz batera, Mikel Quesadak (gitarra), Mikel Uribek (baxua) eta Jandro Camuñasek (bateria) osatzen dute gaur egun Sugoi.

Zelan joan zen zapatuko aurkezpena?
Horrelakoetan ohikoa den urduritasuna sentitu genuen, baina jendearen erantzuna ikusita segituan ahaztu genuen. Bagenekien jende ugari joango zena, baina uste baino gehiago bertaratu zen. Eta oholtza gainean, zer esan, oso gustura aritu ginen, oso ondo pasatu genuen eta behean ere horrela izan zela esango genuke.

Zelan hartu dituzte zaleek Reset diskoko abestiak?
Diskoa osorik jo genuen, ordena apur bat aldatuta, emanaldiari dinamismo gehiago ematearren. Zaharragoak diren abestiak ere jo genituen, gure ibilbideari jarraitzen dioten lagun eta zaleei begira. Kontuan izanda gure musika estiloa ez dela oso komertziala, orokorrean harrera ona izan dutela esango nuke. Zaleen aldetik ere feedback eta iritzi onak jaso ditugu. Bertsio bat ere jo genuen.

Ibilbide luzeko taldea zarete.
Sugoi 2003an sortu genuen. Ideia hori buruan bueltaka izan nuen eta "orain edo inoiz ez" pentsatu nuen. Mikelek gitarra jotzen zuen eta elkartzen hasi ginen. Hasieran bere anaia Txemak jotzen zuen bateria. Maketa bat grabatu genuen, Ustezko gizakia, eta 2010ean Egia lan luzea kaleratu genuen. Ordutik hona, lanean jarraitu dugu, baina gehiago kobazuloan sartuta. Bagenituen abesti berri batzuk, eta beste batzuk sortzen ibili gara; urte hauetan guztietan zapatuero geratu izan gara entseatzeko, baina zelanbait trabatuta geundela sentitzen genuen. Bakoitzak bere egunerokoan ere hainbat kontu izan dugu, normala den moduan. Gero, Txemaren lesioa etorri zen eta Jandro agertu zen. Jandro ere elorriarra da, eta Vhäldemar taldean jotzen du; heavy metal doinuetan puntako taldea da Vhäldemar, eta guri laguntzeko prest zegoela esan zigun. Hortik aurrera, txiri-txiri forma ematen joan gara abestiei. Gure denbora hartu dugu abestiak lantzeko, urte bi inguru.

Behin Jandro etorrita, abestiei forma ematen hasi ginen, eta bagenuen nahi bat, kolaborazio batzuk lotzeko, eta horri ekin genion. Beti izan dugu Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabel buruan, eta, azkenean, eskatzeko pausoa ematera ausartu eta baiezkoa jaso genuen. 2024 amaieran bateria doinuak grabatu genituen, Pedro J. Mongeren Chromaticity Studioan; Vhäldemarreko gitarrista da bera, eta Jandrok ezagutzen duenez, asko erraztu dizkigu gauzak lanerako. Patxadaz lan egin dugu, ahal izan dugun moduan.

Ez da meritu makala hogei urte baino gehiagoan ia astero entseatzea.
Gure trukoa hobby legez hartzea izan dela esango nuke. Batzuk ehizan aritzera joaten dira, beste batzuk bizikletan ibiltzera. Gu zapatu goizero lokalera joateko geratzen gara, laurok ezin badugu ere. Modu lasaiagoan hartzeak lagundu egin digu luzaroan irauteko. Azken batean, laurok lagunak gara, lokalean ondo pasatzen dugu, eta gero bakoitza bere bizitzara bueltatzen da.

Dena dela, hainbeste denbora joan eta gero material berria kaleratzeak ilusioa ere egin dizue.
Bai! Gainera, kontzertuak ere lotu ditugu, Portugaleten eta Abadiñon, adibidez. Pozarren gaude, gure musika lokaletik ateratzea eta ezagutaraztea gura dugulako, azken finean. Gure pentsamenduetan ez dago dirua edo ospea lortzea (barrez). Ateneoko ikusleen artean ez zegoen gaztetxo askorik; guk geuk 45 urtetik gora ditugu, baina metal zaletasuna barruan bizirik dugu oraindino. Dena dela, badirudi metal doinuen suspertze orokor bat dagoela. Su Ta Gar beti egon da hor, baina, adibidez, Latzen berriro bueltatu da agertokietara, eta bada zerbait.

Diskora bueltatuta, Reset. Jandroren sarreragaz lotura du?
Buelta mordoa eman genion ea diskoari zelan deitu. Diskoak ez dira zertan abesti baten izenagaz deitu, baina Reset deitzeak zentzua zuela ikusi genuen. Alde batetik, gizarte legez, txotxolotuta gabiltzala iruditzen zaigu, eta, zelanbait esateko, berriro hasteko botoiari sakatzea merezi du. Zalantza asko izan dugu bi-hiru abestiren artean. Bestalde, izenak gure susperraldi edo berpizteagaz ere badu zerikusia. Reset sakatu eta gu ere martxan ipini gara berriro. 

Soinu aldetik, gaur egungo produkzioa duzue. 
Gure gustuak ez dira asko aldatu urteotan, antzeko taldeak edo metala entzuten jarraitzen dugu, baina garapen bat izan dugu musikari legez. Beraz, Sugoi izaten jarraitzen dugu, baina bertsio berrituago bat, zelanbait esateko, Sugoi 2.0 moduko bat. Melodia eta konposizio aldetik, abesti berriak freskoagoak dira, dinamikoagoak, baina oraindino igartzen da Sugoirenak direla. Bestalde, Pedro J. Mongeren eskua ere aipatu beharra dago. Beragaz grabatzea oso exijentea izan da, eta geure buruagaz ere modu exijentean jokatu dugu. Aurreko lanak autoekoitziak izan dira, baina disko hau grabatzeko beste pertsona bategaz lan egin gura genuen. Gure erabakiak errespetatu ditu, baina oso ekarpen baliotsuak ere egin dizkigu. Guretzat ikaragarria izan da beragaz lan egitea; zortea izan dugu Jandroren taldekidea delako, eta horrek asko erraztu du lan hori. 

Hitzak zuk idazten dituzu?
Bai. Abestiak sortzerakoan, ez dago gai zehatz bat, batzuetan berbak musikarik barik ere idazten ditut, eta gero moldatu. Inspiratzeko, egunerokotik jotzen dut, onerako zein txarrerako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!