Zorionak urteurrenagaitik. Zelakoa ari da izaten efemeridea?
Iratxe Mediavilla: 25. urteurrenean murgilduta egon arren, lanean buru-belarri jarraitzen dugu. Gu denok elkarteko batzordekideak gara. Astelehenero-astelehenero batzen gara elkarteari jarraipena egiteko eta urteurreneko ekitaldiak antolatzeko. Ni, adibidez, hasiberria naiz. Baina ondokoek urte askoko esperientzia dute elkartean.
Izaskun Agirre: Beste leku askotan legez, errelebo falta bizi dugu elkartean. Baina, hala eta guztiz ere, indarrez jarraitzen dugu herria eta gure dendak aurrera ateratzen. Pozik gaude.
Elkartea martxan ipini zenutenean, 25 urte betetzera helduko zinetela pentsatzen zenuten?
Ana Larrea: Egia esanda, ez genuen halakorik pentsatzen! Bidea apurka-apurka joan gara egiten, eguneroko lanagaz. Lehen bazkide gehiago ginen, eta orain askoz gutxiago. Leku guztietan legez, hemen ere dendak ixten joan direlako. Gaur egun, daudenei indarra eta ikusgarritasuna emateko lanean gabiltza, dena Interneten ez dagoela esaten, herria biziarazten. Gure elkarteko goiburuak dioen eran, EMEn bertan gaude esaten.
Zenbat bazkidek hasi zenuten bidea?
I.A.: 100 pasatxo hasi ginen, eta gaur egun 51 gara. Bidean ez dira itxierak bakarrik egon, dendari asko jubilatu egin da eta. Akordatzen naiz elkartea sortzeko proposamena udaletik heldu zitzaigula. Bixente Aizpurua zena talde independenteko zinegotzia zen orduan, eta berak planteatu zigun merkatarien elkartea sortzea. Berak ekin zion bideari, erakusleihoen txapelketak, laguntzak eta halakoak sortzen.
A.L.: Ilusio handiz hasi genuen bidea, eta oso testuinguru berezian. Izan ere, gogoratzen naiz KZ Gunera joaten ginela, ordenagailuak maneiatzen ikastera. Nik behintzat ez nekien sagua bera ere erabiltzen! Horrez gainera, ikastaro ugari egiten genuen, erakusleihoak zelan atondu ikasteko.
Eta zelakoa izan da komertzioen bilakaera?
I.A.: Dena aldatu da. Errelebo faltari buruz berba egiten dugu askotan, baina konturatzen zara neurri batean normala dela erreleborik ez egotea. Joera ikusi besterik ez dago. Ez da herrietan edo denda txikietan erosten. Beraz, nork hartuko du negozio hori? Oso gatxa da. Jendea ez dago prest astelehenetik zapatura dendan ordu mordoa sartzeko, ezta etxean dendako kontuekin jarraitzeko ere.
Itziar Solozabal: Lehen, adibidez, erakusleiho dekoratzaileak kontratatzen genituen. Baina gaur egun guk geuk egiten ditugu lan horiek. Berdin bulego lanak zein sare sozialak elikatzekoak ere. Azken finean, autonomoa den edonori hirukoiztu egin zaio lana, zuk zeuk egin behar duzulako dena.
Inma Gallego: Eta horri guzti horri alokairua, soldata duina, baldintza duinak eta gainerako guztia batzen zaio. Hor bilatu behar dira arrazoiak.
Komertzioen tipologia ere asko aldatu da?
I.A.: Orain urte bi kanpaina bat egin genuen herriko kaleetan, lokal bakoitzean historikoki zein denda mota egon zen jakinarazteko herritarrei. Harrituta geratu ginen garai batean ultramarino edo denerik saltzen zuten zenbat elikagai denda zegoen ikusita.
A.L.: Beharbada, gaur egun ez dago denda asko Elorrion, baina daudenak kalitate gorenekoak dira. Primerako arreta eskaintzen dugu.
Zerk ematen dizue aurrera egiteko indarra?
I.G.: Herrikoak gara eta komunitatea lantzen dugu. Beti ahalegintzen gara gure dendara datorrena behar den moduan zaintzen. Horrek ematen digu indarra. Adineko herritarren artean, adibidez, elkar zaintzearen balioa ikusten dugu. Arreta ematea, elkarri zer moduz gauden galdetzea, saltoki handiren batean topatu ezinik ibiltzen dena gure bitartez lortzea... Adinekoek asko eskertzen dute hori. Gainera, geroago eta gehiago dira gugana datozen adinekoak. Zerbaitegaitik da hori.
Zelan eragin dizuete Internet bidezko erosketek?
I.G.: Iruditzen zait hori denok igarriko genuela etxean, gure bizitzan. Ezin dugu inoren epaile izan. Dena dela, kontua ez da Internet bidezko erosketa bakarrik, erosketa hori konpultsiboa izatea baino. Segituan gura dugu dena, atoan. Askotan ez gara jabetzen telefono dei bat eginda herriko denda batean topatu dezakegula behar dugun hori.
A.L.: Era berean, ez dugu kontuan hartzen Interneteko erosketen eragina. Banaketaz arduratzen direnen soldata, domeketan banaketak egin beharra, kutxen kartoiak, garraioen erregaia. Ez dirudi oso aukera ekologikoa.
Ez dakit kasualitatea den, baina elkarteko batzordekide guztiak emakumeak zarete.
I.G.: Izan ere, horixe da sektorearen argazkia: emakumea. Nahiz eta, jakina, gizonezkoak ere badauden.
I.A.: Esango nuke iraganeko inertziei loturiko zeozer dela; lehen, akaso, denda bat izateak zaintza lanak egitea errazten ziolako amari. Hau da, etxetik gertu lan egiteko aukera eskaintzen zizun, baita umea uneren batean dendan zaintzeko aukera ere. Eta, akaso, joera hori gaur egunera arte ailegatu da.
A.L.: Ostalaritzan, ostera, kontrakoa gertatzen da. Gizonezkoa da nagusi.
Arriolan ondo merezitako urteurren ekitaldia egingo duzue gaur.
I.A.: Urteurren jaia gaur egingo da, baina ospakizunak ez dira horretan geratuko. Denda bakoitzaren kanpoaldean ikur bat ipiniko dugu 25 urte direla esateko, eta ekintza gehiago antolatzen joango gara.
A.L.: Laster Korrika ere badator, eta, betiko moduan, parte hartuko dugu. Azken finean, herriaren parte gara: eskolak, Korrika, dantzak... herrian sartuta gaude eta pozik jarraituko dugu herrian lanean.
Merkataritza baino askoz gehiago

Village People taldearen pare. 2020a izurri urtea izan zen arren, EMEk umore ona kaleratzea erabaki zuen. Dendariek zur eta lur utzi zituzten Elorrioko eta eskualdeko bizilagunak, spot berezia kaleratu zuten-eta Village People taldearen YMCA abesti ezaguna oinarri hartuta. "Gurozun guztixa Elorrixon, Biozun guztixa Elorrixon", adierazi zuten abestiaren errepikan.

Irudimena kanpaina bakoitzean. Elorrioko dendariek beti jakin izan dute herriko salerosketak zelan bultzatu, eta EMEn Herria mahai-jolasa kaleratu zutenekoa da horren erakusle. Monopoly joko entzutetsuaren antzera, merkatariek Elorrioko historia eta udalerriko dendak ezagutzeko aukera eskaini zieten jokalariei. Hainbat mahai-jolas zotz egin zuten erosleen artean.

Euskararen bultzatzaile. Elkarteko kideek Korrikaren edizio guztietan erosten dute kilometroa eta aurten ere AEKren egitasmoagaz bat egingo dutela aurreratu dute. EMEren eragin esparrua merkataritza baino askoz gehiago delako, eta, dendariak izateaz gainera, euskaltzaleak direlako. 2024ko Korrikan San Agustinetik Atxondorako tartean eraman zuten lekukoa.