Etxebizitzaren Euskal Behatokiak 2025eko apirilean argitaratutako txostenaren arabera, Elorriok 12/2023 Legeak ezarritako irizpideetako bat betetzen zuen etxebizitzari dagokionez tentsiopeko eremu izendatzeko, zehazki, alokairuaren prezioaren igoerari dagokiona. Hain zuzen ere, azken bost urteetan %19 baino gehiago igo dira prezioak. Izendapena jasotzeko, beste bi dokumentu landu behar izan ditu udalak, etxebizitzaren diagnostiko zehatza eta datozen hiru urteetarako neurri zehatzak jasotzen dituen Ekintza Plana.
Elorrioko Udalaren arabera, herriko etxebizitza parkea presiopean dagoela adierazten du diagnostikoak. "Bai alokairu-errentaren igoeran, bai salerosketa-prezioaren igoeran, Elorrioko indizeek gutxieneko maila gainditzen dute", azaldu du udalak ohar baten bidez. Bestalde, Julene Lazkano Elorrioko alkateak etxebizitza "etorkizun sozial eta ekonomikoa baldintzatzen duen ardatz estrategikoa" dela azpimarratu du. "Etxebizitza duina bermatzea funtsezkoa da udalerri bizi, askotariko eta orekatu bat mantentzeko", nabarmendu du.