Galder Izagirrek 'Esc' aurkeztuko du Ateneon

Aritz Maldonado 2026ko otsailaren 20a

Galder Izagirre.

Bateria-jotzaile gipuzkoarrak laukote formatuan emango du kontzertua; besteak beste, Onintze Fernandez zornotzarra alboan duela egingo du emanaldia; Ateneoko ateak 22:00etan zabalduko dituzte, eta zuzenekoa 22:30ean hasiko da. 

Urte bi baino gehiago dira Galder Izagirre musikari irundarrak bakarkako ibilbideari ekin ziola. Esc diskoa (Forbbiden Colours) 2023ko udazkenean kaleratu eta gero, zuzenean aurkezten dabil. Izagirre Dut, Berri Txarrak eta Kuraia taldeetan aritzeagaitik da ezaguna, batez ere. Dena dela, beste era bateko bide bati ekin zion bakarkako proiektuagaz; rock doinuak guztiz alboratu barik, kraut-ean eta doinu elektronikoetan sakondu du disko honetan. Bide beretik jo dute urrian kaleratu zuten Talka abestian. Izagirrek luxuzko taldekideak ditu zuzenekoetarako: Onintze Garcia zornotzarrak gitarraren sokak astinduko ditu, Hodei Estebanek baxua joko du, eta Haize Karrikaburuk teklatua; Izagirrek berak bateria joko du, abesteaz gainera. Elorrion ez ezik, Gernikan, Gasteizen eta Elizondon ere joko dituzte kontzertuak apirilera bitartean iraungo duen biran. 

Elorrioko AteneON zikloaren barruan izango da Galder Izagirreren kontzertua. Aurretik, -Gailu, Ateri, Full Cab eta Dena taldeek ere jo dute aurtengo denboraldian. Aretoko ateak, ohikoa den moduan, 22:00etan zabalduko dituzte, eta sarrera momentuan bertan erosi ahal izango da, zortzi euroan (edari bat doan). Kontzertuaren ondoren, etxeko musika-jartzaileek gunea girotuko dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!