Elorrioko Udalak landa lurrak erosteko lizitazioa abiatu du

Aritz Maldonado 2026ko otsailaren 11

Artxiboko irudia.

"Aukera estrategikoa" da, luzera begira balio handiko ingurumen eremuak babesteko, udalaren berbetan. 

Espezie, baso eta ekosistema autoktonoen kontserbazioa bultzatu guran, Elorrioko Udalak beste urrats bat eman du. Landa lurrak erosteko lizitazio prozesua abiatu du, biodibertsitatea babesteko helburuagaz, hain zuzen ere. Udalaren ustez, lur hauek erostea "aukera estrategikoa" da, luzera begira balio handiko ingurumen eremuak babesteko, habitat naturalak sendotzeko eta belaunaldi berriei ingurune osasuntsu eta orekatua bermatzeko; 'Danona 2023-2027' gobernu planean jasotako neurria zen hori.

Udalaren esanetan, lurren erosketa lizitazio publiko bidez egingo da. Otsailaren 3an Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten, eta udalaren webgunean informazio guztia eskuragarri ipini zuten. Interesa duten jabe edo eragileek eskaintzak aurkezteko aukera izango dute, pleguan zehaztutako epe eta baldintzak betez gero. Besteak beste, erosi daitezkeen lurren ezaugarriak eta udalaren irizpideak jasotzen agiri horietan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!