Hasierako poltsa haiek eta gero etorri direnek badute zerikusirik?
Gorane Guillen: Oinarria berdina da, baina eboluzio bat egon da. Egindako poltsa guztiak bakarrak izan dira, horrek bereizten gaitu. Sortutako bakoitza oso gogoko izan dugu, baina hurrengoa beste era batera egin dugu beti. Horixe da gure balioa. Hasieran brodatuak ere gehitzen nizkion, baina lan handia eskatzen zuen. Gozotasunez gogoratzen dut hasierako poltsa, halaxe jaio zen Gorakat.
Txaber Agirre: Baliteke tamaina edo oihalak berdinak izatea, baina koloreak, forma eta konbinazioa desberdinak dira poltsa bakoitzean. Urteekin asko ikasi dugu, bezeroen eskarietatik ere bai. Akaberak ere hobeak dira.
Tandemean lan egiten duzue.
T. A.: Goranek du josteko ardura. Nik oihalak mozten ditut eta diseinuan parte hartzen dut.
G.G.: Haurdun nengoela batu zen Txaber proiektura, josteko makinaren aurrean gehiago ezin nuenean. Aurretik ere laguntzen zidan (azoketan, oihal gutxi batzuk mozten...) baina orain sei urte sortzen hasi zen. Orain, bion artean egiten dugu dena.
Gaur egun, zeintzuk erronka ditu artisau batek bizirik irauteko?
T.A.: Oso egoera gogorra bizi dugu. Azokak antolatzerakoan, askotan ez zaio balioa ematen lanbideari. Askotan nahaste handia egoten da eta horrek min egiten dio artisautzari. Belarritakoak 8 euroan zein 40an ikusten dira eta "zelan da posible hori?", galdetzen dute askok. Azoka batzuk inertziaz antolatzen dira, aukeraketa duin bat egin barik. Uste dut artisautzaz bizi direnek lehentasuna izan beharko luketela, inor gutxietsi barik.
Hala ere, urte hauetako ibilbideak merezi izan du?
G.G.: Apustu handia egin dugu; gu biok eta umea honetaz bizi gara. Iazko urtea oso gogorra izan zen, jarraitu ala ez egon ginen. Baina askok ezagutzen gaituzte. 'Gorakat bat gura dut' esanez etortzen dira, eta eskertzekoa da. Bezero fidelak ditugu, Durangaldetik kanpora ere bai, eta horrek indarra ematen digu aurrera jarraitzeko.
Materiala zelan aukeratzen duzue?
G.G.: Tapizeriarako oihalak erabiltzen ditut, oso gogorrak eta iraunkorrak direlako. Orain, larrua ere erabiltzen dugu, beltza eta print animal estanpatua gehien.
Zerk inspiratzen zaituzte?
G.G.: Egunerokoan ikusitako kolore konbinazioek: kuxin batean, inoren janzkeran... Kontrasteak asko gustatzen zaizkit.
T.A.: Zapatilei erreparatzen diet.
Gorakat Sesioekin hasi zarete.
T.A.: Musikariak gure tailerrean abesti bat grabatzera gonbidatu ditugu, sareetan zabaltzeko. Proiektua aberasteko modua iruditzen zaigu. Sortutako sinergiekin gozatzen jarraitzea dugu helburu.