"Xeheak baina klasedunak, halakoak gara bergararrak"

Ekaitz Herrera 2026ko urtarrilaren 21a

Elorrion bizi diren bergararrek 40 urte baino gehiagoko ohitura berrituko dute domeka honetan. Bazkaritarako batuko dira, eta bergarar komunitatea indartuko dute.

Ezin esan ohitura noizkoa den, baina gauza bat argia da: Elorrion bizi diren bergararrek 40 urte baino gehiago daramate San Sebastian egunaren bueltan bazkaritarako batzen. Jesus Aristegik, behintzat, halaxe gogoratzen du: "Aspaldiko ohitura da, Elorriora bizitzera etorri baino lehenagokoa. Izan ere, Bergaran jaio nintzen, eta 83-84 bueltan etorri nintzen Elorriora bizitzera. Ordurako bazkaria egiteko ohitura martxan zegoen, bergararrak batzeko otordua indarrean zegoen. Gainera, gogoan dut emakumeak batzen zirela gehienbat". Aurten ere ez diote urteetako hitzorduari hutsik egingo. Domekan batuko dira bazkaritarako, urtarrilak 25. Aurreikuspenen arabera berrogei bat lagun batuko dira.

Aristegiren esanetan, Elorrioko eta udalerri mugakideetako biztanleek hartu eman handia izan dute elkarrekin, tartean, bergararrekin: "Elgeta, Abadiño, Otxandio, Bergara... herri horiek oso gertu daude Elorriotik, eta hartu eman handia egon da beti. Hori dela eta, bergararren kasuan ere, komunitate zabala dago", azaldu du. Nortasun horri buruz, gainera, honako hau dio:  "Bergararren artean askotariko izaerak topatuko dituzu, baina iruditzen zait jende xehea eta klaseduna garela. Industria potentea izan dugu, auzitegi barruti izan gara, kantuak ditugu, ohiturak. Herri guztiek dute beren ukitua, baina, bai, iruditzen zait bergararrak halakoak garela: xeheak eta klasedunak".  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!