Rockzaleek dosi bikoitza izango dute zapatuan Elorrioko Ateneoan. Full Cab eta Barrrk taldeek kontzertua emango dute bertan. Full Cab bilbotarrak Full Cab bigarren diskoaren aurkezpen biran murgilduta daude. Garaje erritmoak guztiz alboratu barik, eta gitarrek pisua galdu ez arren, bilbotarrek influentzia berriak eurenganatu eta pop doinuetara hurbiltzea lortu dute lan honetan. Out of order debuteko lanagaz rockzaleen radarrean ipini zen taldea, eta, abesti berriak zuzenekoetan txertatuta, beste latitude batzuetara ere eramango dituzte orain.
Barrrk taldea Aiaraldetik dator eta post punk doinuetan mugitzen da batez ere. Ekainean zazpi abestiko Walking about lana kaleratu zuten eta harrezkero kontzertuak ematen dabiltza Euskal Herri osoan zehar. Inguruetan ez ezik, Gernikako Lekuek jaialdi entzutetsuan parte hartzekoak dira martxoan, eta hile berean Bartzelona eta Madril aldera ere joatekoak dira. Ateneoko ateak 22:30ean zabalduko dituzte. Sarrerak zortzi euroan daude salgai.