Bea Elkoro: "Ez dakigu saritutako dezimoa nork erosi duen, makinan ateratakoa izan da eta"

Anboto 2026ko urtarrilaren 6a

Bea Elkororen Urarka kaleko administrazioan 200.000 eurogaz saritutako dezimo bat saldu dute: 06703 zenbakia

Zorioneko daude elorriarrak urte hasiera honetan. Erregetako Loteriaren sari nagusiaren dezimo bat Bea Elkorok saldu du Urarka kalean duen administrazioan. Baina, 200.000 euroko saria jaso duen irabazlea elorriarra den jakitea zaila izango da, makinan saldutako dezimoa izan da eta. Horrela azaldu dio Bea Elkorok berak ANBOTOri albistea jakin berritan. "Lagun baten bidez jakin dut saritutako dezimo bat guk saldutakoa dela. Izan ere, zenbakia ikusi dudanean ezezaguna dela pentsatu dut, ez delako guk saltzen dugunetarikoa. Baina, makinan saldutakoa izan da. Ez dakigu irabazlea nor izan daitekeen. Sorpresa handia izan da. Oso pozik gaude", azaldu du Elkorok.

Hego Euskal Herrian, Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñea, Elorrio, Oiartzun, Cordovilla eta Cintruenigo dira sariak banatu dituzten hiri eta herriak.

2007an, 18 milioi euro
Elorriarrek ondo baino hobeto gogoratzen dute Urarka kaleko 3. zenbakiko administrazioak  beste sari potolo bat banatu zuen aurreko aldia. 2007an administrazio honek Gabonetako loterian 18 milioi euro banatu zituen, batez ere,  txoko bateko hainbat herritarri saldutako dezimoen bidez. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!