Dena eta Ateri taldeak, Ateneoren urtea amaitzeko

Aritz Maldonado 2025eko abenduaren 22a

Dena

Dena eta Ateri taldeek kontzertua emango dute Elorrioko Ateneoan, abenduaren 27an, 22:00etan. 

Dena hirukote ondarroarrak euren hirugarren lana den Anabasa aurkezteko biragaz jarraitzen du. Hurrengo geltokia inguruan izango da, Elorrioko Ateneoan, hain zuzen ere. Martxoan ekin zioten lan berriaren aurkezpen birari, eta hirukoteak dozenaka kontzertu eman ditu harrezkero; besteak beste, Bilboko Kafe Antzokian, Gernikako Iparragirre aretoan eta Tolosako Bonberenean. 2018an sortu zuten taldea, eta ordutik Ezer sentitzeko (2020), Zure Mugadun Hutsune (2022, Bonberenea ekintzak) eta Anabasa (2025, Bonberenea ekintzak) kaleratu dituzte. Unai Aretxabaletak taldea utzi eta gero, gaur egun Beñat Eizagirrek, Xabat Ituartek eta Beñat Bidegainek osatzen dute taldea.

Eurekin batera, Aretxabaletako Ateri boskoteak joko du kontzertuan. Emanaldi bietan rock eta hardcore doinu sentikorrak nagusituko dira. 22:00etan zabalduko dituzte ateak, eta sarrera 8 euro izango da. Bertan erosi daiteke. Festa borobiltzeko, kontzertuen ondoren musika-jartzaileak egongo dira gunea girotzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!