Elorrio, etxebizitza udalaren fokuan

Anboto 2025eko abenduaren 22a

Elorrion, etxebizitza ez da gai tekniko huts bat; herriaren etorkizun sozial eta ekonomikoan eragin zuzena duen ardatz estrategikoa da. Horregatik, azken urteotan udalak etxebizitza jarri du fokuan, eta herritarrek ere argi erakutsi dute etxebizitzarekiko ardura handia dutela, aurrekontu parte-hartzaileetan egindako aukeraketa ikusita.

Elorrion, etxebizitza ez da gai tekniko huts bat; herriaren etorkizun sozial eta ekonomikoan eragin zuzena duen ardatz estrategikoa da. Horregatik, azken urteotan udalak etxebizitza jarri du fokuan, eta herritarrek ere argi erakutsi dute etxebizitzarekiko ardura handia dutela, aurrekontu parte-hartzaileetan egindako aukeraketa ikusita.

2026. urtea funtsezkoa izango da alokairuko etxebizitzak sustatzeko:

Alokairu sozialerako etxebizitzak Goietan
Goietako 6 apartamentuen egokitzapen lanak amaitzear daude, eta 2026ko urte hasierarako bukatuta egongo dira. Etxebizitza horiek alokairu sozialerako bideratuko dira, baliabide gutxiagoko pertsonentzako aukera duin eta eskuragarriak sortuz. Ez da proiektu isolatu bat, baizik eta etxebizitza politikaren zutabe nagusietako bat indartzen duen inbertsio estrategikoa. Etxebizitzetan interesa duten pertsonek alta emanda egon beharko dute Etxebiden, eta Alokabide arduratuko da kudeaketaz.

Elorrio, alokairu merkatuan eremu tentsionatua
Elorrio herri tentsionatua dela aitortu bidean dago alokairu merkatuaren ikuspegitik. 2018 eta 2023 artean alokairuen prezioek %21eko igoera izan zuten. Testuinguru horretan, udalak etxebizitzen merkatuan esku hartzeko ardura hartu du, eta Elorrio alokairu merkatuan tentsio eremu gisa izendatzeko izapideak abiarazi ditu, neurri eraginkorragoak martxan jarri ahal izateko.

Izendapen-prozesu horrek aukera emango du, besteak beste, alokairuen igoerei mugak jartzeko, etxebizitza hutsak aktibatzeko pizgarriak diseinatzeko eta laguntza publiko gehiagorako sarbidea izateko. Horretarako, lehenik eta behin, udalerriko etxebizitzaren egoerari buruzko diagnosi zehatza egingo da eta, ondoren, hiru urterako ekintza-plan bat diseinatuko da, babes publikoko etxebizitzaren eskaintza handitzeko eta alokairu eskuragarria sustatzeko neurri zehatzekin.

Herritarren ardura
Herritarrek ere norabide hori berretsi dute. Izan ere, 2026ko aurrekontu parte-hartzaileetan boto gehien jaso duen proposamena etxebizitza hutsen azterketa sakona egitea eta alokairua sustatzeko programa bat abiaraztea izan da. Emaitzak argi erakusten du etxebizi- tzarekiko ardura ez dela soilik udalaren agenda politikoan agertzen den gaia: herri osoak partekaturiko kezka eta lehentasuna da.

IBIan errekargoa
Etxebizitza hutsen arazoari modu zuzenagoan heltzeko, 2026tik aurrera IBIaren errekargoa %150era igoko da etxebizitza hutsen kasuan, egoera hori justifikatu ezin dutenentzat. Neurri horren bidez, udalak mezu argia bidali nahi du: etxebizitza baliabide eskasa da, eta udalak bere bitarteko guztiak erabiliko ditu herrian dauden etxe hutsak merkaturatzea sustatzeko.

Epe luzerako proiektuak
Hala ere, udalak badaki ez dagoela neurri bakar eta azkarrik arazo konplexu honi erantzuteko. Horregatik, azken hileotan lanketa isila baina etengabea egiten ari da, maila ezberdinetan: administrazio arteko bilerak, lurzoruen eta eraikin potentzialen azterketa, finantzaketa aukeren identifikazioa eta etorkizuneko etxebizitza proiektu posibleen diseinua. Horietako batzuk oraindik ez daude erabat finkatuta, eta ezin dira publiko egin, baina argi dago udal lan-mahaietan gai nagusietako bat bihurtu dela etxebizitza.

Azken batean, Elorriok badaki etxebizitza duina izatea funtsezkoa dela herri bizia, anitza eta orekatua mantentzeko. Goietako apartamentu sozialak, herri tentsionatuaren izendapena lortzeko urratsak, aurrekontu parte-hartzaileen bidez jasotako ekarpenak eta IBIaren errekargo berria kate bereko loturak dira. Helburu bera dute: etxebizitza udalaren fokuan jartzea, herritarren ongizatearen eta belaunaldi berrien etorkizunaren mesedetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!