Elorrioko Udalak "hausnarketa eta ardura ariketa bat" eskatu ditu haurreskolako sutearen harira

A. M. 2025eko abenduaren 9a

Elorrioko Udalaren arabera abenduaren 5ean arratsaldeko 19:00etan Elorrioko Haurreskolako kanpoaldean piztu zen sutea "nahita eragindakoa" izan zen. Suteak kalte larriak eragin zituen, eta eraikinaren fatxada kiskalita geratu zen. Gertatutakoa gaitzetsi eta "hausnarketa eta ardura ariketa bat" egiteko eskatu du udalak. 

"Gure herriko haur txikienen hezkuntza-gune bati eginiko erasoa da hau, eta ezin da inolaz ere onartu. Gertatutakoaren aurrean, gogoeta egiteko eskatu gura diot komunitate osoari, familia guztiei eta batez ere, gertatutakoaren arduradunei", adierazi du Julene Lazkano Elorrioko alkateak. Lazkanoren berbetan, suhiltzaileen esku-hartze azkarrari esker sutea "garaiz" itzali zen, eta suak ez zuen eraikinaren beste alderik kaltetu. "Suhiltzaileen lehen balorazioaren arabera, bi minutuko atzerapenagaz iritsi balira, suak barrualdeari ere eragingo zion, instalazio osoan zehar hedatuz, eta gaur ez genuke haurreskolarik izango". Garrek musika eskola ere arriskuan jarri zuten.

Bestalde, erantzuleak identifikatzeko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ikerketa zabalik dutela nabarmendu du udalak, eta herritarrei gogorarazi die "segurtasunarekin loturiko edozein geratakari susmagarri berehala jakinarazteko" 112ra edo Udaltzaingora deituta. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!