"Homofobia sotila da kirol arloko LGTBfobia adierazpenik ohikoena"

Ekaitz Herrera 2025eko azaroaren 18a

Elorrioko kirol elkarteek LGTBfobiari aurre egiteko prestakuntza saio solte batzuetan parte hartu dute orain arte, eta hemendik aurrera jarraikortasun handiagoagaz emango diete segida jardunaldi horiei. Hiruki Larroxako Garazi Beramendi Alvaradok (Gasteiz, 1993) hiru saio gidatuko ditu. Azaroaren 19an izango da lehenengoa. 

Zein da egitasmo honen abiapuntua?
Prozesu parte hartzaile bat egingo dugu, eta, horri eskerrak, LGTBfobiaren prebentziorako, detekziorako eta erantzunerako estrategiak diseinatuko ditugu modu kolektiboan. Elorrion gertatzen diren egoerak aztertuta, kirol eremuko jarrera eta ohiturak identifikatuko ditugu. Hor mugitzen dabilena ikusi nahi dugu, gero horren araberako tresna bateratuak sortzeko. Hau guztia 2024an sortu zen, Elorrion lanketa saio bat egin genuenean. Gerora, aurtengo ekainean beste saio bat egin dugu, eta ikusi genuen jardunaldia motz geratu zela. Hori horrela, orain hiru saioko prozesu jarraitua egingo dugu. 

Elorrioko zenbat kirol klubegaz egingo duzue bidea?
Hamabost kirol talderi egin diegu gonbita parte hartzeko. Gutxi gorabehera, taldeen erdiek baieztatu dute saioetan parte hartuko dutela, eta beste erdiek zalantzan daudela adierazi dute. 

Lanketa honek badu adin tarte zehatzik?
Gonbidapena zabala da, eta, horrenbestez, eskola kiroleko klubei zein federatutako kirol elkarteei zuzenduriko parte hartze prozesua da. Hori bai, eskola kiroleko taldeen kasuan, delegatuak edo arduradunak etorri izan dira hona, denak helduak.

Orain arteko saioetan parte hartu duten kirol elkarteek azaleratu dute LGTBfobiarik, bazterkeriarik edo esku hartzeko premiarik?
Modu zuzenean ez zaigu halakorik iritsi, baina iazko eta ekaineko aurrelanketek hainbat gai identifikatzeko balio izan zuten. Horietariko bat segurtasun eta ikusgarritasun falta izan zen. Eta identifikatutako beste kontu bat isiltasunarena da, normalizatutako komentarioena. Normalean, eraso zuzenak ez dira ohikoak izaten halako esparruetan. Zeharkakoak, beharbada, ohikoagoak izaten dira. Horrenbestez, kontua ez da kasu zehatz bati aurre egitea, lanketa orokortasun bati begira egitea baino. 

Zeintzuk dira LGTB pertsonek kirol eremuan sentitzen dituzten egoera zaurgarririk ohikoenak?
Hemen asko hitz egin dezakegu heteroarauari eta maskulinitate hegemonikoari buruz. Baita horrek guztiak roletan eta estereotipoetan eragiten duen presio sozialari buruz ere. Normalizatutako komentario ugari dago kirol esparruan, homofobia sotilaren erakusgarri direnak: "maritxua" edo nenaza, adibidez. Horiek izan daitezke ohikoenak, eta taldekako kirolean gertatu ohi dira normalean, entrenamenduetan zein partiduetan. Horrekin batera, aldagelak ere badira tentsio iturri, pertsona ez-bitarrentzat batez ere. Eta gero, erreferente falta handia dago. Gorengo mailako kirolean ikusten dugu hori, baina baita maila apalagoko taldeetan ere: LGTB kirolarien presentzia oso urria da. Horrez gainera, prestakuntza eta protokolo falta handia dago. 

Egoera horiek kirol batetik bestera aldatzen dira?
Bai. Maskulinizatutako kiroletan, emozioa, indarra eta lehiakortasuna baloratzen diren kiroletan, era nabarmenean hazten dira homofobia esplizitua eta sotila. Bestalde, emakumeentzat jotzen diren kiroletan hori ez da hainbeste gertatzen, baina hor lesbofobiarekin eta emakumeen sexualizazioarekin topo egingo dugu. Azken finean, kirol talde bakoitzak bere balioak eta kargak ditu, eta horiek guztiek LGTBfobiaren forma eta intentsitatea konfiguratzen dituzte. Ez dira indarkeria berdina igeriketa eremu batekoa eta futbol zelai batekoa. Desberdinak dira, entrenatzaileen eta gazteen arteko hartu-emanetan zein aldageletan. Hala ere, oinarri bera dago kirol guztietan: zuzeneko indarkeria ez da hainbeste ikusten; zeharkakoa, ordea, bai. 

Zelan heldu horri guzti horri? Zer tresna zabiltzate aplikatzen?
Lehen esan dudan bezala, prebentziorako, detekziorako eta erantzunerako lan egiten gabiltza. Eta hor, alde batetik, lan pertsonala dago, norbere kontzientzia hartzetik hasten dena. Gero, talde mailako hausnarketa dago, eta, azkenik, maila instituzionala, beharbada protokoloak eta neurriak ezarri ditzakeena klubaren barruan. Izan ere, klubaren tamaina txikiagoa ala handiagoa izango da kasu bakoitzean, eta klub bakoitzeko ezaugarriak ere desberdinak izan daitezke. Horregatik, kirol klub bakoitzak bere esparrura eraman beharko ditu lanketak. Saioetan talde dinamikak egiten ditugu, kasu praktikoak aztertu. Autodiagnostikorako tresnak ere bagabiltza sortzen, klub bakoitzak bere barruko hausnarketa egiteko.  

Halako lanketak beste herri batzuetan egin izan dituzuenean, ikusi duzue fruiturik? Kirol elkarteetan eboluziorik?
Lana bukatutakoan baino gehiago, lana egin bitartean igartzen dugu hori. Oñatin, adibidez, gogoratzen naiz gauza asko azaleratu zela, eta hainbat neurri hartu zutela. Protokolo bat sortzea neurri bat da, adibidez. Azken finean, herrietan kontzientzia kolektibo handia badago, horri buruz hitz egiten baldin bada, hor aldaketarako espazioak zabaltzen dira. Abadiñon ere egin genuen lanketa bat, entrenatzaileekin. Halakoetan beti pizten da zerbait, horrelako prozesuak martxan jartzean hitz egiten hasten garelako. 

Lehen komentatu duzu Elorrioko kirol talde batzuk zalantzan zeudela jardunaldietara agertu ala ez. Egin gonbita.
Interesgarria da klub eta elkarte guztien esperientzia jasotzea, eta udala ere badabil bidea egiten elkarlan horretarako. Azken finean, eremu atseginak sortu behar ditugu LGTB herritarrentzat, baita kirolean ere. Taldean egin beharreko lanketa da, eta norberak jarri behar du horretarako aletxoa. Izan ere, hau ez da zerbait isolatua. Gure baitan dago, eta, horrenbestez, denok arduratu behar dugu.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!