"Entrenatzaileak barik hezitzaileak garela esan daiteke"

Joseba Derteano 2025eko azaroaren 15a

Elorrio futbol klubeko eta Durangoko Kulturaleko harrobiko taldeak entrenatu ditu aurretik.

Aitor Azkaratek (Elorrio, 1995) Elorrio futbol taldean benjaminak eta kimuak entrenatu zituen lehenengo, 19 urtegaz. Ondoren, Durangoko Kulturalean kimuekin eta haur kategoriakoekin jarraitu zuen. Gero, kadeteen ardura eman zioten. Bien bitartean, futbol jokalaria ere bazen eta jardun biak uztartu ezin zituenez, futbola uztea erabaki zuen, 25 urte baino ez zituen arren. Bokazio berba ederto definitzen duen adibidea da. Egun Athleticeko kadeteen bigarren entrenatzailea da. 

Asko kostatu zitzaizun bietariko bat aukeratzea?
Entrenatzea jokatzea baino gehiago gustatzen zitzaidan eta garbi izan nuen. Goiz utzi nuen futbola, baina ez naiz damutzen. Bihotzagaz hartutako erabakia izan zen.

Zelan sortu zen Athleticera batzeko aukera?
Iaz Ermuko talde nagusian egon nintzen, Iñaki Garcia zaldibartarraren bigarren entrenatzaile. Udan, espero ez nuela, Eneko Bovedaren [Lezamako zuzendaria] whatsapp bat jaso nuen. Beragaz batu eta Athleticeko kadeteetako bigarren entrenatzaile izatea eskaini zidan. Gurasoek eta neska-lagunak proposamena onartzera animatu ninduten. Lanean eszedentzia bat eskatuta, eskaintza onartu nuen. 

Zelako esperientzia izan da orain arte?
Zaletasuna nuena lan bihurtu zait. Oso gustura joaten naiz eta kostatu ere egiten zait lana dela esatea.

Lan berrian zerk harritu zaitu gehien?
Detaile txikiei ematen zaien garrantziak. Hainbesteko inportantziarik ematen ez diozunari, han handia ematen diote eta behin baino gehiagotan aztertzen dute. Detaile txiki asko kontuan hartzen dira. 

Zelan hezten du Athleticek kadete mailako jokalari bat?
Beste ezeren aurretik, jokalaria dago, pertsona. Jokalaria zelan dagoen aztertzen da, animikoki eta psikologikoki: lagunekin, familiagaz, eskolan… Taldean psikologo bat dago. Horren ondoren hasten gara futbolaz berbetan jokalariagaz. Athleticera heldu bezain laster honetaz jabetu naiz: jokalari bakoitza ondo zaintzen da, gero beragaz lan egin ahal izateko. Entrenatzaileak barik hezitzaileak garela esan daiteke. Gero, futbol arloan ere, jokalari bakoitzari zer ariketa egitea komeni zaion aztertzen da. Hau da, dena jokalariari lotuta dago.  

Zelako taldea du Athleticek kadete mailan?
Oso ona. Komunikazio handia dugu jokalariekin. Denbora asko ematen dugu eurekin, ondo ezagutzen ditugu, eta konfiantza handia sortzen da eurekin. Ausartak dira berba egiterako orduan, eta baita futbolean jokatzerako orduan ere. Talde teknikoan ere hartu-eman ona dugu. Ander Lafuente da lehenengo entrenatzailea, ni bigarrena, Ander Dulce prestatzaile fisikoa, eta Ander Laka atezainen entrenatzailea. Lafuentegaz feeling ona dut. Egia esanda, oso gustura nabil eta ezin dut gehiago eskatu. 

Badabil Durangaldeko jokalaririk?
Bilbo aldekoak dira gehienak. Gorago baditugu batzuk: Telmo Zarandona eta Danel Belategi durangarrak, esaterako. Biak Baskonian dabiltza. 

Athleticen etorkizuneko jokalariak entrenatzen zabiltzala jakitea presio gehigarria da?
Klubean galdera bera egin zidaten, ea presio hori sentitzen nuen. Ezetz erantzun nien. Apurka gorantz joan behar duten jokalarien kargu zaude, baina ez dut presio hori sentitzen. Presioa sentituko nuke laguntzarik izango ez banu, baina ez da kasua. Edozein lekutara begiratuta, denak laguntzeko prest daude. Gainera, askok esperientzia zabala dute, eta, arazoren bat baduzu, ziur irtenbide bat dutela, eurek ere antzeko kontuak bizi izango zituztelako. Horrek lasaitasuna eman dit. 

Athleticen edo beste klub baten lehenengo taldea entrenatzea gustatuko litzaizuke?
Bai. Beti dago apurka gorago joateko amets hori, han edo hemen lehenengo talderen bat entrenatzea. Badut hori buruan, baina orain oso gustura nago Athleticen harrobiagaz lan egiten eta asko ikasten nabilela sentitzen dut.

Maila askotako haurrak entrenatu dituzu. Haur kategoriatik kadeteetara salto handia dago?
Bai. Jokatzeko beste modu bat sartzen da. Gorputzak nabarmen garatzen dira adin horretan, eta, ondorioz, joan-etorri gehiago dago zelaian. Kadeteetan jada ikusten da zelako jokalaria bihurtuko den etorkizunean. 

Bere filosofiagaitik, Athleticek etengabe atera behar ditu jokalariak harrobitik. Durangon jaiotako Selton Sued da azken adibidea. Debutatu berri du. Zelako jokalaria iruditzen zaizu?
Ikusi dudanetik, jokalari desberdina da. Normalean zelai batean ikusten ez diren gauzak egiten ditu. Jokalari deigarria eta gustagarria da. Pazientzia behar da beragaz, eta ea apurka aukera gehiago duen eta gora egiten duen lehenengo taldean. Asier Hierrok ere debutatu berri du lehenengo taldeagaz. Harrobiagaz lanean dabilen batentzat ez dago gazteak lehenengo taldean tokia egiten ikustea baino gauza hoberik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!