"Bertako mendi eta paisaiekin sortu ditut diseinuak"

Aitziber Basauri 2025eko azaroaren 16a

Nikiak, txanodun eta txanorik bako jertseak, biserak, prakak, jakak, praka laburrak... Unai Arregik (Elorrio, 1996) askotariko unisex arropa saltzen du Erreka kalean duen dendan. Moda eta jasangarritasuna uztartzen dituen proiektua da berea.  Lan handia eskatzen duela aitortu duen arren, pozik dago orain arte arrebaren laguntzagaz egindako bideagaz. Prest dute bilduma berria. (@arimabasquebrand).

Zelan definituko zenuke Arima?
Tokikoari, bertan dugunari, balioa ematea. Horixe izan da beti gure helburua. Betidanik gustatu izan zait moda, eta jantzi jasangarriekin uztartu gura izan dut. Hartara, saltzen ditugun jantzien % 95 kotoi organikoekin eta birziklatutako poliesterragaz egindakoak dira. Bizitzeko beste modu bati balioa emateko era bat da. Pauso txikiak emanda, mundu jasangarriago baterantz joan gaitezkeelako denon artean. Kontsumo arduratsuan sinisten dut.

Beraz, kontsumo arduratsuagaz loturiko filosofia dago Arimaren atzean.
Bai. Eta bizitzako arlo guztietara eroan beharko genuke pentsaera hori.

Jasangarria ez ezik, tokikoa izateari ere garrantzia ematen diozue. Sorturiko diseinuek hori islatzen dute.
Bai. Bertako mendi eta inguruak kontuan hartuta sortu ditut jantzietarako diseinuak: Udalatx, Gaztelugatxe, Barrika... Euskal Herrian mendia eta itsasoa ditugu, eta biak batuta sortu genuen logoa ere. Tokikoa eta jasangarria dela kontuan hartuta, gure izana ondo islatzen duen izena du proiektuak: Arima. 

Enkarguak hartzen dituzu?
Bezeroen eskarietara egokitzen ahalegintzen gara, ahal dugun neurrian. Baina ez dugu enkarguz lan egiten. Denda fisikoa izatea garrantzitsua dela uste dugu; horregaitik zabaldu genuen denda Erreka kalean. Hala ere, Interneten ere badaukagu denda. Aukera biak eskaintzen ditugu. Azoka batzuetan ere saldu dugu. Abenduaren 13an Naiz Market elkarteak Durangon egingo duen azokan egongo gara. Pozik gaude Arimak duen harreragaz, eta apurka-apurka geroago eta ezagunagoak gara. Zerbitzu ona eta hurbila ematea da gure helburua.

Zein produktu saltzen da gehien ?
Txanodun jertseek oso harrera ona dute. Biserak ere ondo saltzen dira. Nik neuk ere janzten ditut, eta, kalitateari eta erosotasunari dagokienez, jendeak aldea igartzen duela esango nuke. Durangaldetik kanpora ere jaso izan ditut eskaerak: Bilbotik, Gernikatik, Iruñetik...

Zein da zuen erronka aurrera begira? Noraino heldu gura duzu?
Geroago eta jende gehiagorengana heltzea dut helburu. Sare sozialak oso erreminta ona dira horretarako, produktua erakusteko batez ere. Ia ezinbesteko bihurtu dira produktu bat zabaltzeko. Ahal dugun neurrian gabiltza horretan lanean. Gainera, kirol munduagaz lotuta bilduma berri bat sortu gura dugu, osagarriak batez ere: biserak, motxilatxoak...

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!