"Askotan ez dakigu gure produktua ondo saltzen"

Aitziber Basauri 2025ko aza. 2a, 10:30

Mikel Garaizabal (Elorrio, 1972) ardo dibulgatzailea da. Gustatzen zaiona eta ogibide duena plazaratzen du, askotariko erremintak baliatuta: hedabideen bidez, liburuak idatzita, dastatze saioak eginda... Arabako Errioxako ardoagaz, euskal sagardoagaz eta txakolinagaz lan egiten du.

Ardoaren 'titiritero' legez, zein da zure ardura? 
Botila baten atzean gauza asko dago. Historia, kultura, paisaia, lurra, lehen sektorea, baserria, tolarea, arkitektura.... Bada, hori guzti hori transmititu gura dut. Arabako Errioxako ardoa, euskal sagardoa eta txakolina euskal gastronomiaren parte dira eta kanpora goazenean erraza da gure produktua zabaltzea; baditugu argudioak. Kontua da askotan ez dakigula produktua ondo saltzen. Euskaldunori chauvinista sinpatiko puntu bat falta zaigula uste dut.

Orain 28 urte egin zenuen lehenengo ardo dastatzea, Durangon. 
Berbaro elkarteak emandako aukera eskertu gura nuke. Ez zegoen ardoa dastatzeko saiorik euskaraz, eta erronka horri heldu genion. Gero, terminologia sortu genuen, euskaraz ardoei buruzko lehenengo liburu argitaratu... Tranpolina izan nuen, eta horregaitik nago hemen 28 urte joan eta gero ere.

Urte hauetan zenbat dastatze saio!
Bai! 7.000 baino gehiago kontatu ditut. Munduko hainbat herrialdetara joatea tokatu zait. Kontinenteen artean Ozeania baino ez zait falta bisitatzea.

Euskal produktuekin beti.
Behin enologo famatu batek esan zidan: 'Mikel, denetik egin, baina espezializatu zaitez lurralde batean'. Euskalduna izanda, zer hobe euskal produktuen enbaxadore izatea baino. Hasieratik sinistu dut gure produktuetan. Arabako Errioxa munduko eskualderik onenetakoa da ardoa ekoizteko, eta munduan bakarra da txakolina. Dituen ezaugarriak kontuan hartuta, etorkizun handia dauka. Bestalde, euskal sagardoen iraultza polit bat gertatzen dabil azken urteotan. 

Asko aldatu da ardoaren kontsumoa?
Ardoaren munduan dagoen krisia ez dut inoiz ezagutu. Hiru dira arrazoi nagusiak: kontsumo ohiturak aldatu dira, geroago eta ardo gutxiago edaten da; aldaketa klimatikoak zuzenean eragin die upategiei; eta, azkenik, Trumpen muga zergak eta euroaren balioa dolarragazko. AEB merkatu indartsua izan da.

Orain Japonian zaude eta Jordaniara zoaz azaroan. Euskal produktuek harrera ona dute kanpoan?
Dastatze saioak euskal gastronomiagaz lotuta daude. Eta hori jatetxeak eta sukaldariak baino askoz gehiago da. Baserriko lehengaiak ipiniko nituzke horren lehen lerroan; eta lehengai horien transformazioan gure amama eta amak aritu dira. Ea Euskal Herrian izan diren galdetuta, askok altxatzen dute eskua, eta hemengo jan-edana aipatzen dute lehenengo. Leku gutxitan jan eta edan daiteke Euskal Herrian lez; gainera, prezio onean. Ondare gastronomiko handia dugu. Gutxi ekoizten dugu, baina kalitatezkoa.

Ardo ona hartzeko, zer hartu behar da kontutan?
Bigarren ardo kopa hartzeko gogoa, batzuentzat. Besteentzat, kopa horrek zer esaten dizun, musika nota orekatua eta harmonia ematen dizun. Konpainia onean eta neurrian hartuta, ardoak bizipoza ematen du.

Nogaz hartuko zenuke ardo bat? 
Ardo ona inspirazio iturri izan da beti, zerrenda luzea da.

Urteko ardoa ala ardo ondua?
Urteko ardo on bat dagoen lekuan, kendu daitezela merkatuko ardo zahartu asko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!