Arriola Jazz&Blues jaialdiak lau emanaldi izango ditu

Aritz Maldonado 2025ko urr. 28a, 13:16

Iosu Eizagirre sextet.

Azaroko asteburu bitan egingo dute Arriolako XXXVI. Jazz & Blues jaialdia; lau emanaldi izango ditu, guztira; Giles Robson eta Jimmy Reiter Erresuma Batutik eta Alemaniatik etorriko dira, hurrenez hurren; lehenengo emanaldia azaroaren 14an da. 

Elorrioko Arriola Jazz eta Blues jaialdiaren XXXVI. edizioa aurkeztu dute. Aurten lau emanaldik osatuko dute zikloa. Lehenengo asteburuan (azaroak 14 eta 15) Iosu Izagirre (seikote formatuan) eta Giles Robson izango dira protagonistak. Izagirre ibilbide luzeko musikaria da eta denerik egin izan du: Iñaki Salvadorregaz lan egin du zineman, Mikel Laboagaz eta Betagarri taldeagaz musika arloan, eta oraintsu Ilusio lana (Errabal, 2025) kaleratu du. Giles Robsonek bluesera jotzen du gehiago, eta adituek munduko harmonika interpretatzailerik onenetarikotzat dute.  

Jimmy Reiter gitarrista eta konpositorea Alemaniatik Elorriora etorriko da; Doug Jay eta Nemo Gonzalez, bluesaren artista handi bi, lankide izan ditu hamarkada bi baino gehiagotan, eta bere belaunaldiko blues artistarik esanguratsuenetarikoa dela erakutsi du urteotan.

Thrasha eta jazza
Arriolako jazz eta blues zikloa Satxa Soriazu pianistak amaituko du. Formakuntza klasikoa jaso arren, kuriosoa da Soriazu. Orain urte bi, Megadeth thrash taldearen Rust in Peace disko ikonikoa jazz instrumentalera egokitu zuen, jazzaren lengoaia gaurkotuta. Alejandro Mingot gitarrista, Kike Arza kontrabaxista eta Dani Lizarraga izango ditu lagun taula gainean, azaroaren 28an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!