Elorrioko ziklo-krosak maila guztietako 800 bat ziklista batuko ditu asteburuan

Anboto 2025ko urr. 21a, 15:46

Ekimeneko antolatzaileak eta udaleko ordezkariak gaurko aurkezpenean.

Aurtengo aldia Basilio Azkarate gogoratu eta omentzeko baliatuko dute.

Elorrioko Ziklo-krosak 48. aldia beteko du asteburuan. Bizkaiko lasterketa beteranoenetakoan 800 parte-hartzaile inguru espero dira, haurretatik hasi eta master kategorietaraino. Aurten ere Bizkaiko Koparako puntuagarria izango da.

Zapatu arratsaldean ume mailako lasterketak izango dira: 15:30ean, benjamina; 16:00etan, kimu mailakoa eta, 17:00etan, haur-kategoriakoa. Domekan nagusien txanda izango da. Kadete, junior, elite zein master mailako txirrindulariak lehiatuko dira San Joseko landetan kokatutako ibilbide klasikoan. Emakumeen elita mailako lasterketa 11:30ean hasiko da eta gizonena, 12:30ean.

Domekan, 11:30 inguruan, Basilio Azkarateri omenaldia egingo zaio, urte luzez Elorrioko eta Durangaldeko txirrindularitzaren alde lan egin zuen pertsonari. Omenaldian, Bixente Beitia abeslariak, Xabi Puia dantzariak eta Garikoitz Mendizabal txistulariak parte hartuko dute. “Basilioren ekarpena ezin da neurtu: urte luzez lan egin zuen ziklo-krosa bizirik mantentzeko. Omenaldia bihotzez eskainitakoa izango da,” adierazi du Zugaitz Ayusok, antolakuntzako ordezkariak.

Gainera, antolatzaileek adierazi dute aurten ere txosna jarriko dela San Jose inguruan, edariak eta janaria eskainiz, jai giroa sortzeko asmoz.

Ziklokrosa Elorrioko Txirrindulari Elkarteak eta Bizkaiko Txirrindularitza Federazioak eramango dute aurrera, Elorrioko Udalaren laguntzarekin.

ORDUTEGIA

Urriak 25, zapatua:

  • 15:30 Benjaminak
  • 16:00 Kimu maila
  • 17:00 Haur-kategoria

Urriak 26, domeka

  • 09:30 Master 40, 50 eta 60 mailak
  • 10:30 Kadeteak
  • 11:30 Juniorrak eta emakumezko eliteak
  • 12:30 Gizonezko eliteak, 23 urtez azpikoak eta Master 30 maila
  • 13:30 Sari Banaketa
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!