Urriaren 20tik 25era paleta gomako eta fronteniseko Nazioen Liga lehiatuko da Mexikon eta atzo aurkeztu zuten bertan parte hartuko duen Euskal Pilota Selekzioa. Hautatuko zortzi pilotarien artean ez dago eskualdekorik, baina bai eskualdeagaz lotura duen bat: Laura Saez Arzamendi, Aretxabaletan bizi den gasteiztarra, aurten Elorrioko Hori Hori klubean dabilelako.
Saezek 45 urte ditu eta ibilbide luze eta oparoa du paleta goman. Entrenatzeko Gasteiz baino gertuago geratzen zaio Elorrio eta bi-hiru urte daramatza astelehenero hemen entrenatzen. Gainera, aurten Elorrioko klubarekin egin du fitxa. Hori-Horik arrakasta handia du paleta goman. Klubean dabiltzan 100 pilotarietatik 75 bat paleta goman dabiltza eta gehienak emakumeak dira.
Saez frontoian ez ezik trinketan ere aritzen da, paleta argentinarrean. Modalitate honetako entrenamenduak Abadiñoko Tornosolo trinketan egiten ditu eguaztenetan.
Nazioen Ligari buruz
Mexikoko Aguascalientes herrian lehiatuko den txapelketa Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioaren (FIPV) egutegi ofizialaren barruan dago eta mundu osoko 18 herrialde baino gehiagoko selekzioak bilduko ditu.
Honako hauek dira Euskal Pilota Selekzioko zortzi hautatuak:
- Emakumeetan: Laura Saez Arzamendi (Hori Hori Elorrio), Ane Ibañez Monton (Errekaleor), Nagore Martin De La Cal (Errekaleor), Aroa Torres Saez (Errekaleor).
- Gizonetan: Asier Bustinza Aginako (Errekaleor), Aitor Legarraga Cearreta (Getxoko), Unai Sagarzazu Saldias (Kurpil), Unai Duoandikoetxea Bautista (Amurrio).