Lurzoru urbanizaezinen, nekazaritza eta abeltzaintza jardueretarako eta ez profesionaletarako txabolen, estalpeen eta kutxazarren eraikuntza arautzeko ordenantza berria indarrean dago irailaren 25etik hona. Udalaren esanetan, txabolak baratzeei eta ustiategi txikiei laguntzeko dira, eta, beraz, "estetika tradizionalaren bitartez" txertatu behar dira paisaian. Udalak hiru eraikin mota bereizi ditu: txabola (gehienez 15 metro koadro, 2.000 metro koadroko sailean), estalpea (30 metro koadro, 2.500 metro koadroan) eta kutxa txikia. Horrez gainera, debekuen berri ere eman du; adibidez, bizitegi erabilera mota oro eta zerbitzu hauek instalatzea: sukaldea, bainugela, gasa eta elektrizitatea. Gainera, lurzati bakoitzean eraikuntza bakarra egiteko baimena baino ez dute emango.
Bestalde, udalak adierazi du lizentziarik bako eraikinak "klandestinotzat" hartuko dituela, eta horiek eraisteko aukera izango duela. Ordenantza aho batez onartu zuten uztaileko osoko bilkuran.