Elorrio martxan tentsio eremu izendatzeko

A.M. 2025ko urr. 13a, 10:25

Elorrioko herriguneko irudi bat.

Elorrioko Udalak beharrezko izapideak hasi ditu udalerria etxebizitzaren merkatuan tentsio eremu izendatzeko; udalaren esanetan, 2018tik 2023ra alokairuak % 21 igo ziren; Jaurlaritzaren txosten baten arabera, 615,7 euro ordaintzen dira hilean alokairuagaitik. 

Eusko Jaurlaritzaren txosten batek Elorrio etxebizitzaren merkatuko tentsio eremu modura identifikatu du, hau da, bertan etxebizitza eskuratzea "gatxa" dela ondorioztatu du. Hori dela eta, Elorrioko Udalak beharrezko izapideak hasi ditu tentsio eremu izendatzeko. Bost urteko epean herrian alokairuaren prezioa % 19,6 garestitzea da udalerri bat tentsio handiko eremu izendatzeko baldintzetariko bat, eta Jaurlaritzaren txosten horren arabera % 21 garestitu da Elorrion. 2018an, elorriarrek 508,7 euro ordaintzen zuten batez beste alokairua; 2023an, ostera, 615, 7 euro. Elorriarrek diru sarreren % 22,5 bideratzen dute alokairua ordaintzera. "Herritarrek ahalegin ekonomiko handia egiten dute alokairua ordaintzeko, eta horrek presio ekonomiko handia eragiten du", azaldu du Elorrioko Udalak ohar batean. Datozen hileetarako plana ere azaldu du. Lehenengo urrats modura, etxebizitzaren merkatua herrian zelan dagoen aztertuko dute, eta gero memoria bat idatziko du izendapena eskatzeko. Gero, "kontsulta publikoko prozesu" bat zabalduko dute herritarrek ekarpenak egiteko, eta, azkenik, Jaurlaritzari eskaera formala helaraziko diote. Eskaera onartuz gero, izendapena hiru urtean egongo da indarrean, eta horri eskerrak udalak eskumen handiagoa izango du alokairuak arautzeko, adibidez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!