Abya Yalan (Amerika) zehar bidaia sonoro bat proposatzen duzu.
Cumbia sortu zenetik gaur egungo musikara arteko musika aukeraketa bat aztertzen dugu. Paraleloki, ibilbide sonoro hori Kolonbiatik hasten dugu, bertan sortu baitzen cumbia, eta hor kolonializazioaz berba egiten dugu. Bertatik beste herrialde batzuetara jauzi egiten dugu, cumbiak egin zuen legez, Perura adibidez, eta horrek beste prozesu historiko batzuei buruz berba egiteko aukera ematen digu, hala nola garapenari, industralizazioari zein landa eremutik hiriguneetarako migrazioari buruz. Cumbia Villeraren bitartez neoliberalismoari buruz berba egingo dut, eta Texaseko cumbiaren bitartez, ostera, mugei buruz mintzatuko naiz. Zelanbait esateko, cumbiaren bitartez herrialde batzuen testuinguru sozial, kultural eta politikoak lantzen dira, kolonializazioari buruz hausnartu ahal izateko; kolonizazioa momentu jakin bat izan zen, baina hor ezarri ziren egitura eta joera edo logika batzuk gaurdaino mantendu dira, erreproduzitzen jarraitzen dute.
Teoria eta praktika uztartzen dituzu.
Musikaren bitartez, beharbada hitzaldi akademikoekin ikutzen ez diren sentsibilitate batzuk ikutu daitezke. Funtsean, dantza, entzutea eta diskurtsoa tartekatzen ditut antiarrazismoaz berba egiteko. Horrek norbera zeharkatzen du eta beste mota bateko hausnarketetara darama entzulea. Pueblan, nire sorterrian, irakasle lanetan aritu naiz unibertsitatean, eta nire ama ere irakaslea izan zen, eta asko gustatzen zait erakustea. Metodologia desberdinak atsegin ditut, eta irakasteko prozesu desberdinak ikustea. Eta zapalduta dauden kolektiboekin lan egitea gustatzen zait, kolektiboki, gizartea eraldatzeko. Latinoamerikan oso jarraituak ziren 80ko hamarkadan. Behin hona helduta, zaintza lanaz arduratzen diren emakume migratuekin ere lan egiten hasi nintzen, eta paraleloki, musika asko gustatzen zait. Nahiko naturala izan zen bide biak elkartzea. Hain zuzen ere, bide bi horiek master amaierako lanean batu nituen. Biniloen bilduma egiten dut eta irratian ere parte hartzen nuen Mexikon. Hortik sortu zen Hija del Nopal proiektua.
Parte hartzen duen jendeak profil jakin bat du?
Ikastaroa bertako emakumeentzako eta emakume migratu zein arrazializatuentzako topagune izateko diseinatuta dago. Oso foro gutxi dago elkar ezagutzeko eta elkarren berri izateko. Ez dakigu albokoak zer bizi izan duen. Bertakoek, adibidez, ez dakite zer suposatzen duen paperak lortu behar izateak, edo kanpoan beste kultura batean bizitzeak. Zelanbait esatearren, eurozentrismo horrek zeharkatzen ditu. Kulturaren eta gorputzaren mugimenduaren bitartez, ikastaroak elkar ezagutzea ahalbidetzen du. Oso polita da dantzaren poztasun horren bitartez elkar ezagutzea. Mundu guztian egiten dira dantza eta erritualak, eta horrek batu egiten gaitu. Hala ere, emakume migratuek lan baldintza eskasagoak dituzte orokorrean, eta ordutegi aldetik-eta ez dute sarerik zaintza lanetarako. Horrek zaildu egiten die foro politiko edo kritikoetan parte hartzea. Cumbia amerikarren sustrai sonoroa da eta ikastaro hau oso erakargarria egiten zaie horregaitik, baina zailtasun horiek dituzte parte hartzeko. Beraz, herri batzuetako ikastaroetan emakume migratzaile gehiagok parte hartu ahal izaten du, eta beste batzuetan gehiengoa bertakoa da. Hala ere, ideia modu erakargarrian zabaltzea da garrantzitsuena.