Zumelegi erreka garbitzeko deialdia egin dute zapaturako

A.M. 2025ko ira. 26a, 11:41

Artxiboko irudia.

Elorrioko eta Atxondoko Baso Biziak elkarteak deialdia egin du, urtero sasoi honetan legez, Zumelegi erreka auzolanean garbitzeko.

Hitzordua 09:00etarako ipini dute, herriko plazan, ordu laurden geroago hasteko. Taldeka banatu eta gero, 13:00ak arte ibiliko dira garbitzen. Deialdia 6 urtetik gorakoentzat da, baina 6tik 11 urtera bitarteko umeek nagusi baten zaintzapean joan beharko dute. Kasu honetan, 11:00etan izango da hitzordua, eta bilketa eurentzat egokitutako gune batean egingo dute, 11:00-13:00 bitartean. Ondoren, 13:15 aldera, denen artean bildutako zaborra plazan utziko dute, jendaurrean erakusteko. Gero, baturiko zabor guztia jaso egingo dute. Antolatzaileek katiuskak edo galtza-botak eta eskularruak eramateko gomendioa egin dute, eta baita bilketa errazteko baliagarria izan daitekeen edozein material eramatekoa ere: zabor-pintzak, sakaderak eta abar.

Erreka garbiketan parte hartzeko, izena eman beharko da aurretik, Anbotopeko dendan, Iturri kultur etxean edo webgunearen bitartez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!