Zein ideia dago 'Semaforoa' lanaren atzean?
Hainbat diziplina batzen duen ikuskizuna da. Antzerkia da, batez ere, mapping teknikagaz uztartua: musika, bideoak eta argiak. Zelanbait, publiko guztiei zuzenduriko ikuskizuna da, baina lau urtetik gorakoek ere ulertzeko moduan idatzita dago. Bestalde, istorio bat kontatzen da. Protagonistetariko bat Eneko da. Enekok gauza materialak behar ditu entretenitzeko, berandu ailegatzen da eta gauzak atoan egin behar izaten ditu. Enekok merkealdira joan gura du. Beste aldean, Amets izeneko pertsonaia dago. Amets irudimenagaz luze jolastu daiteke. Funtsean, kontrajarriak diren pertsonaia bi horien arteko interakzioan datza istorioa. Erdigunean semaforo bat dago, eta bertako izakitxoek bizia hartzen dute Eneko susto baten ondorioz mundu ameslari batean sartzen denean. Istorioa hiri batean kokatzen da baina beste mundu batean ere bai, eta mota askotako mezuak zabaldu daitezke horrela.
Gertuko gai bat da.
Gertuko gai bat da, bai, eta, zelanbait, heldu beharrekoa ere bai. Antzezlanak ez du asmorik moralkeria modu bat izateko, baina gure alearen ekarpena egin gura diogu bizi dugun garai honetan. Batez ere, ondo pasatzeko ikuskizuna da Semaforoa, euskaraz sorturikoa; beti ere, atzean mezutxo batzuk dituena.
Familia osoarentzako ikuskizunak direnean, belaunaldi desberdinetako ikusleentzat geruza desberdinak sortzen dira.
Bai. Batez ere, txikienek ere ulertzeko moduko istorio bat da, eta hor bidelagun izan dugu Edorta Barruetabeña gidoilari durangarra, horretan aditua dena. Berak idatzi du testua, eta, batez ere, mundu hori ulergarri egiten lagundu du. Horixe da erronka, geruza desberdinak izatea, baina batez ere txikienek ulertzeko zeozer egitea.
Orain ere hainbat diziplina uztartu duzue.
Gure lanean bereizgarri bat dela esango nuke. Aktoreen lanagaz, musikagaz, argiagaz eta bideoagaz, elkarren arteko lengoaia bat sortzen da interakzio horretatik. Horixe da berezitasunetariko bat obra honetan, eta hori dena oso ondo integratuta dagoela iruditzen zaigu. Orekatuta dago, dena ondo fusionatuta, obraren mesedetan. Horixe da guk bilatzen duguna diziplina horiek lantzerakoan.
Urteotako lanagaz lengoaia propio bat eraiki duzue.
Bai, diziplina horiek batzeko modu propioa dugula esango nuke, eta hortik tiraka gehiago kontrolatzen dugu. Teknika horiek geroago eta gehiago lantzen ditugu, geroago eta gehiago menderatzen ditugu, eta, beraz, badakigu kontatu gura dugunaren zerbitzura horiek ipintzen. Ahalegina egiten dugu artifizioa ez erabiltzen erabiltzearren. Kontatu gura diogunari ekarpena egiteko tresna da.
Zein da erronka handiagoa, alde teknikoa ala istorioa kontatzeko modua?
Biak, eta ikuskizun bideragarriak izan behar direla ere bai. Jakin egin behar da non, zertarako eta norentzat egin. Horixe da garrantzitsuena. Oso ondo neurtu behar ditugu gauzak aterabidea izan dezaten, eta eszenatokian ere gure ekarpena egiteko. Ikuskizun bat sortzerako orduan, jakin egin behar dugu zer den, zertarako den eta nori zuzenduta dagoen. Ideiak sortu daitezke eduki aldetik. Eta teknika baten inguruan sakonduta, aukera asko egon daiteke, baina zertarako den begiratu behar da.
Familia osoarentzako istorioak idazten dituzue. Geroago eta konpainia gehiagok egiten dituzte horrelako lanak. Sasoi ona da familia osoarentzako ikuskizunak egiteko?
Logela Multimediak alde bi ditu: publiko familiarrari zuzenduriko ikuskizunak eta heldu eta gazteei zuzendurikoak. Bigarrenaren kasuan, gehiago erabili izan ditugu dantza eta multimediaren alorra, eta familiarentzat diren kasuan antzerki multimedia. Ikusi dugunez, publiko gehiago doa familiari zuzenduriko ikuskizunetara. Publiko gehiago dago, egingarriagoa iruditzen zaigu eta bere fruituak ematen ditu. Badago aurreiritzi bat "umeei zuzenduriko" ikuskizunen gainean, baina hori ez da gure kontua. Euskal Herriko hainbat konpainiak ere egiten dituzte familia osoarentzako obra oso interesgarriak, nagusiek ere gozatzeko moduko ikuskizunak. Urteekin txikitzen joan den aurreiritzi bat da, oso gauza interesgarriak egiten direlako. Gainera, oso publiko interesgarria da, umeez gainera gurasoak ere badaudelako, eta, beste alde batetik, arte eszenikoetarako interes berezi bat duen jende bat ere batzen duelako. Hori ere bada gure publikoa.