"Gozatzea dut helburu; beste mentalitate bategaz bueltatu naiz"

Joseba Derteano 2025ko ira. 29a, 10:20

Aroa Gorostiza Elorrioko plazan.

Lasterketa baten antzera, bizitzak ere bere aldatsak eta jaitsierak ditu. Aroa Gorostizak (Elorrio, 1999) alde biak ezagutzen ditu. 21 urtegaz txirrindularitza utzi zuen, elikadura-jokabidearen nahasmendua zuelako. Aurten, 26 urtegaz, berriro bueltatu da, eta, besteak, beste, Euskadiko txapelketa irabazi du.

A zer itzulera, Aroa. Itxaroten zenuen hain emaitza onik?
Egia esanda, ez. Nire buruan ez zegoen hau edo bestea lortzea. Berriro korritu gura nuen, eta zer sentsazio nuen ikusi. Beste mentalitate bategaz bueltatu naiz. Txirrindularitzaz gozatzea dut helburu, hainbesteko presiorik ez duen talde batean. Egia esanda, aurten oso ondo sentitu naiz. Taldeak ez dit inolako presiorik ipini eta uste dut horrek asko lagundu didala emaitzak lortzen. Gustura nago egindako denboraldiagaz. 

Ekainean Euskadiko txapeldun geratu zinen Sopelan. Zelan gogoratzen duzu lasterketa?
Orduan taldekide nuen Maite Urteaga zen faborito nagusia. Beretzat lan egitea zen asmoa, baina aurretik istripu bat izan zuen, ez zen oso sasoiko heldu eta bakoitzak bere lasterketa egiteko askatasuna izan genuen. Neure sasoirik onenean nengoen eta aukera aprobetxatu nuen. Helmuga aurreko aldatsa, ez lar luzea, egokia zen nire dohainetarako. Taldetxo bat geratu ginen, eta esprinta nire espezialitatea izan ez arren geratzen zitzaidan dena eman nuen. 

2019an ere Euskadiko txapeldun geratu zinen, 23 urtez azpiko mailan, Ugaon, 80 kilometroko ihesaldi baten ondoren.
Oso gomuta polita dut. Hasieran jo nuen erasoa eta Ziortza Isasi nigaz etorri zen, biok elorriarrak. Elkarregaz egin genuen ihesaldi osoa. Ziortza eliteko txapeldun geratu zen, eta ni 23 urtez azpikoan. Euskadiko elastiko biak Elorriora ekarri genituen.

Gutxi falta izan zitzaizun Espainiako Kopako lasterketa irabazteko. Zelan joan zen lasterketa?
Lasterketa arraroa izan zen. Hasieran ez nuen sentsazio onik. Bero handia egiten zuen eta horrelakoetan kostatu egiten zait pedal-kolpea aurkitzea. Baina apurka geroago eta hobeto sentitu nintzen. Lezauneko igoeraren ondoren, zortzi ziklista geratu ginen. Gero lauk aurrera egin zuten. Azken kilometroan aurrekoak harrapatu nituen momentu berean Sophia Sammons-ek erasoa jo zuen eta bakarrik helmugaratu zen. Lehentxoago harrapatu izan banitu irabazteko aukera izango nuelakoan nago, baina oso pozik nago emaitzagaz. 

Orain bost urte zergaitik utzi zenuen txirrindularitza?
Bizkaia Durango taldean nenbilen orduan. Pandemia garaian dena geratu zen eta ez genekien Giroa egongo zen ala ez. Ni neu oso zorrotza eta exigentea izan naiz beti neure buruagaz. Dinamika txar batean sartu nintzen; arrabolatik ia jaitsi ere ez nintzen egiten eta ez nuen asko jaten. Elikadura jokabidearen nahasmendua izan nuen. Kirolari profesionalok kalean entrenatzea baimendu zutenean gauzak ez zihoazela ondo ikusten nuen. Aitak "nahikoa da! Bizikletari gurpilak kenduko dizkiot eta espezialista batengana joango gara", esan zidan. Halaxe egin nuen. Prozesu berri bat hasi nuen. Urte bian ez nuen bizikleta ikutu ere egin. Hurrengo urte bietan errugbian jokatu nuen, Elorrio Rugby Taldeagaz. Han zebiltzan lagunek animatuta batu nintzen taldera. Errugbian denak dira ondoetorriak. Inork ez dizu "ez duzu balio" edo antzerakorik esaten. Horixe zen une hartan behar nuena: emaitzen presiorik bako lagun-giro positiboa. Kirolari berriro heltzeko tokirik egokiena izan zen. Errugbiak asko lagundu zidan eta esker oneko nago. Lanean hasi nintzelako utzi nuen. Hurrengo urtean mendiko lasterketa batzuetan parte hartu nuen. 

Noiz eta zelan erabaki zenuen txirrindularitzara bueltatzea?
Orain urtebete Malagara oporretan joan nintzen, neu bakarrik. Pentsatzen ibili nintzen, gogoeta egiten, eta bueltan ziklismora bueltatzea erabaki nuen. Elikadura jokabidearen nahasmendua beti zugaz egon da, horregaz elkarbizitzen ikasi behar duzu, baina oreka baten barruan sentitzen nintzen. Hasieran talde guztiek ezezkoa eman zidaten. Gerora, Eulen-NUUK taldeak baiezkoa eman zidan. 

Orain beste modu batera bizi duzu txirrindularitza?
Bai. Orduan oso gaztea nintzen eta ez nintzen hain heldua gauza batzuei ezetz esateko edo mugak ipintzeko. Orain, gauzak barruan gorde beharrean, esan egiten ditut, beti ere modu onean. Taldeko kide denekin komunikazio eta feedback hori izatea garrantzitsua da. 

Zertan aldatu da txirrindularitza bost urtean?
Txirrindularien batez besteko mailak gora egin duela esango nuke. Hau da, goi mailako ziklistak beti egon dira, baina hortik beherako maila nik utzi nuenean baino hobea da. Jubenilen maila ere oso handia dela uste dut. Honako hau ere ikusten dut orain: gazteek atoan eman gura dute saltoa profesionaletara; saltoa eman edo utzi. Mentalitate hori kalte handia egiten dabilela esango nuke. Eta askok mentalitate horregaitik utzi dute txirrindularitza. Bestalde, bost urtean gauza asko onerako aldatu direla uste dut, baina oraindino badago zer hobetu: lasterketen egutegia, kantitatea, eredua… Arlo pertsonalean, taldeko gazteena nintzen lehen, eta orain nagusiena naiz. Beste rol bat dut eta rol hori hartu gura izan dut: irakastea, gidatzea, laguntzea… Taldeak konfiantza hori eman dit eta oso pozik nago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!