Zelako harrera izan du 'Hiru'-k iaz estreinatu zenutenetik?
Iazko abuztuaren 1ean estreinatu genuen, Donostiako Musika Hamabostaldian, Haizearen Orrazian. Horrelako kokapen batean egin ahal izateak berezi egin zuen emanaldia. Gau ona egin zigun gainera, eta harrera ere oso ona izan zen; beraz, oso pozik geratu ginen estreinaldiarekin. Geroztik, urte osoan zehar egin dugu bira, beste obra batzuekin tartekatuta, eta publikoaren aldetik harrera beroa jaso dugu. Jaso ditugun iruzkinak oso positiboak izan dira eta gu ere pozik gaude.
Eduardo Chillidari keinu egiten diozue lanean, eta hori nabaria izan zen Haizearen Orraziko emanaldian. Unibertso hori beste leku batzuetara moldatzea erronka handia izan da?
Horrelako estreinaldi baten ondoren antzerako emaitzak lortzea erronka handia izan da, baina, egia esan, beste herri edo hiri batzuetara eraman dugunean, ikuskizunak eta Chillidaren obrak unibertsaltasun handia dutela ikusi dugu, eta udan, adibidez, Polonian izan gara; plazetan eta antzokietan taularatu dugu eta bikain funtzionatu du; azken batean, gune bakoitzean modu desberdinean bizi da ikuskizuna. Lortu dugu eta pozik gaude emaitzarekin.
Non batzen dira eskultura eta dantza? Nondik dator Kresalaren eta Chillidaren arteko lotura?
Galdera honi, agian, Fausti Aranzabal koreografo eta zuzendariak erantzun beharko lioke (barrez). Nire iritziz, Chillidak eskulturen bitartez sortzen zuenaren antzeko espazioa sortzen dugu dantzariok eszenan gauden bitartean, eta Hiru obrako koreografietako pausoetan geometriaren erabilera ere nabarmentzen dugu; bai Chillidak eta bai historian zehar beste hainbat sortzailek erabiltzen dituzten kode garaikide horiek erabiltzen ditugu guk ere dantzan zehar. Agian, horrela lehenengoz entzunda ez da erraz ulertuko, baina Hiru ikusterakoan antzematen dira keinuak eta espazioaren erabilera berezi hori.
Ez ulertzeko beldur hori jendea dantza ikuskizunetara joateko oztopoa dela uste duzu?
Baliteke. Kresala dantza taldearen kasuan, gauza desberdinak egiten ditugu, tradizioa hartzen dugu baina beste buelta bat ematen diogu, eta izan daiteke, hasieran, edo kartela ikustean, ikusleak ez ulertzea oso ondo zer ikusiko duen; euskal dantza tradizionalen ikuskizun bat edo beste zerbait ikusiko duen duda hori izan dezakete. Baina, behin etorrita eta ikusita, erantzuna oso ona izaten da.
Hainbeste urtean lanean egotearen fruitua izango da jendea joatea.
Bai, esango nuke egin dugun lanari esker lortu dugula dugun izena, eta jendeak badaki dantza tradizionaletik harago goazela eta gauza bereziak eta desberdinak egiten ditugula.
Hori ezinbestekoa izango zen 60 urteko ibilbideari eusteko.
Prozesuak beste modu batera egite horrek desberdintzen gaituela esango nuke. Gure zuzendari artistikoak, obra bati ekiten dionean, musika edo poesia asko arakatzen ditu, adibidez, baita beste iturri batzuk ere, beste garai edo herrialde batzuetako dantzak ere, eta hori guztia gurera ekartzen du gero; horrela sortzen ditu hain bereziak diren eta hain polit geratzen diren lanak. Bai lantaldeak eta bai nik asko miresten dugu gure zuzendari artistikoak duen ahalmen hori. Horrek erakargarri egiten du lana, eta txukun geratzen da, gainera.
Dantza tradizionalak garaikideago egitea gakoetariko bat izan daiteke hainbeste urtez irauteko?
Bai. Horixe da erronkarik nagusietariko bat, eta egungo gizartea interpretatzen jakitea ere bai, honek jarrai dezan. Hiru alor oso garrantzitsu ikusten ditut Kresalak aurrera egiteko. Batetik, egiten dugunaz gozatzea; oso garrantzitsua. Gero, inplikazioa eskatzen duela; inplikaziorik gabe ez dago emaitzarik. Eta lehen aipatu dudan bezala, taldekideok honi guztiari diogun errespetua. Ondo pasatzera joaten gara entsegu eta emanaldietara, noski, ez dugu inoiz fokua galtzen, eta egundoko errespetua diogu, esan bezala, guk egiten dugunari eta zuzendari artistikoek hartzen duten lanari. Errespetuz hartzen duzunean, emaitzak txukunagoak dira eta horri heltzen diogu guk.
Geroago eta dantza emanaldi gehiago antolatzen da, kalean zein aretoetan. Garai onak dira dantzarentzat?
Baietz esango nuke. Gaur egun erakundeek dantzaren etorkizuna babesten dutela nabaritu dugu. Horrez gainera, dantzaren berrinterpretazio bat dagoela ere esango nuke, eta dantza kalera ateratzen hasi da, jaialdien zein kaleko emanaldien bitartez; gaur egun ez da bakarrik aretoetan eta ordainpeko formatuan egiten. Geroz eta gehiago ikusten da plazetan eta toki berezietan, eta horrek esan nahi du badagoela aurrerapauso bat horretan.