Elorrio Ferixa Nausikoak

"Sukalkien kalitatea egundokoa izaten da"

Ekaitz Herrera 2025ko ira. 10a, 11:30

Alberto Agirre eta Luis Marin, Pitxar elkartearen aurrealdean.

Lapiko guztietako burruntzalia dira,18 urte daramatzate-eta Sukalki Eguneko antolaketa lanetan. Aurten ere logistikan ibiliko da Agirre; epaimahaian, Marin.

Sukalki eguneko saltsan ikusiko zaituztegu aurten ere? 

Alberto Agirre: Ez dut behin ere sukalkirik kozinatu jaietan! Kuadrillan, bai, kozinatu izan dut, baina ez Ferixa Nausikoetan.

Luis Marin: Nik, ostera, hiru bider parte hartu dut sukalkien txapelketan. Baina Iturrizoro elkarteko kide naizenetik, orain 17 urtetik hona, ez dut sukalkirik egin. Nire lanetariko bat epaimahaikoentzat eta antolatzaileentzat bazkaria egitea da.   

Beraz, lehiatu ez arren, eskubete lan izango duzue antolakuntzan.

A.A.: 08:00etan hasten gara izen-emateekin eta kuadrillei mahaiak, aulkiak, zabor-poltsak, ardoa banatzen. Kozina-lanak direla, dastatzeak direla, 14:45erako lan guztiak amaitzen ahalegintzen gara, gero denok behar den moduan bazkaltzeko. Epaimahaiko kideen artean Leioako ostalaritza eskolako irakasleak egoten dira. Horrez gainera, Luisek ere esku hartzen du epaimahaian.

Hara! Orduan, zuretzat galdera, Luis: zer behar du sukalki on batek?

L.M.: Puntuazio taula bat izaten dugu. Bertan, zaporea, gatz-puntua, berdura eta okela-mota baloratzen ditugu. Adibidez, masailak ez ditugu onartzen. Izan ere, horretarako dira sukalkiak, bigarren mailakotzat jotzen ziren okelei irtenbidea emateko. Garai bateko Círculo jatetxeko kideek ere hori azpimarratzen zuten, lepoaldea eta era horretakoak kozinatu behar zirela. Azken finean, okela gogorra ondo egitea da erronka.  

Jaiak ezin dira ulertu sukalkirik barik.

A.A.: Oso ohitura errotua da. Lehen, Bakiotik ere etortzen zen jendea. Beste batzuek esan izan digute ez dagoela Elorriokoaren moduko lehiaketarik. Gaur egun lapiko gutxiago aurkezten dela? Izan daiteke, lehen kuadrilla berak hiru bat prestatzen zituen eta. Orain, lapiko bakarra aurkezten da eta kuadrillek beste jaki batzuekin osatzen dute menua. Sukalkien kalitatea egundokoa izaten da eta 1.400 bat herritar batzen garela kontuan hartu behar da. 

L.M.: Gainera, egun borobila izaten da. Egun horretan karrozak egoten dira, mozorroak. Jaia egiten jarraitzen dugu. 

Egoten da pikerik?

L.M.: Bai! Handiak, gainera. Leaniz-Miota aldekoak indartsu dabiltza eta Gazetakoek ere primerako sukalkiak egiten dituzte. Pike polita izaten da, gero disfrutatuko duten egun bategaitik lehiatzen dira-eta elkarte gastronomikoetako zein auzoetako kuadrillak. 

Sukalkitik harago, zelan ospatuko dituzue jaiak?

L.M.: Ni ez naiz etxeratzen! (barrez) Urarka kaleko erromeriara joaten gara, baita Bikale ingurura ere.

A.A.: Ni idi probetara ere joaten naiz. Feria egunean ere antolakuntzan laguntzen egoten naiz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!