Grettel Antonia Díez Gutiérrez eta Xiomara del Carmen Pérez nikaraguarrak dira jatorriz, baina Elorrion ezagutu dute elkar, Zaintza barik bizitzarik ez ikastaroan. Diezek urte bi daramatza herrian, eta del Carmenek sei, eta biek ala biek 93 urteko emakume bana zaintzen dute. Elorrioko Ferixa Nausiko jaiei hasiera emango diete zapatuko txupin jaurtiketagaz, eta euren lana ikusgarriago egiteko baliatuko dute aukera. Lanak denbora askorik utzi ez arren jaiak gozatzeko, Zaintza barik bizitzarik ez ikastaroan urteotan parte hartu duten kideak festan murgilduko dira. "Gutariko askok ezingo dute ekitaldian parte hartu, lan ordutegiengaitik, baina gure jarduna ezagutarazteko baliatuko dugu aukera", azpimarratu dute nikaraguarrek. Horrez gainera, abuztuan zendu zen Bixente Aizpurua ere gogoan izango dutela aurreratu dute. "Beti zegoen guri laguntzeko prest, eta estimu handitan geneukan horregaitik", esan dute.
Pozik zaudete pregoia irakurtzeko aukeragaz?
Grettel Antonia Díez Gutiérrez: Ni oso pozik nago, kontuan hartu gaituztelako. Beharbada, pertsona ezagunak izan ez arren, zaintzen ditugunekin batera familia bat osatzen dugu eta herrian ere oso pozik nago; bertako jendea oso atsegina da eta nire etxean lez sentitzen naiz. Alde horretatik, ez dut nire herrialdearen falta igartzen. Nire familiarena bai, jakina, baina herrialdearena ez. Oso pozik nago hemen, gustura.
Xiomara del Carmen Pérez: Ni ere oso pozik nago gonbidapenagaz. Antolatzaileei eskerrak eman gura dizkiegu etxeetako zaintzaileak eta gure lana kontuan hartzearren. Pozgarria da hori, egiten dugun lana, adineko pertsonak zaintzea, ikusgarriago egingo duelako. Hain zuzen ere, herriko jaietan espazio bat ematen digute horretarako, gure lana ezagunago egiteko.
Irakurriko duzuen mezua hortik joango da?
G. A. D. G.: Egun horretan irakurriko dugun mezua emakume migratzaileona da. Beste herrialde batzuetatik heldu gara hona, lan egitera, gure ekarpena egitera; gure kasuan, adineko pertsonak zaintzera.
Zer da Elorrioko Ferixa Nausikoetatik gehien gustatzen zaizuena?
G. A. D. G.: Aurtengo jaietan gehiago irtengo gara. Gure lan ordutegia dela eta, ez ditugu jaiak asko ezagutzen, baina ahal dugun neurrian irten eta gozatzen ahaleginduko gara.
X. D. P.: Aurten txupin jaurtiketan parte hartuko dugu, eta hortik aurrera geu ere murgilduko gara jaietan. Behin txupina jaurtita, hainbat herrialdetatik etorri eta etxeko eta zaintza lanetan ari garen emakumeok harremandu eta elkarregaz egoteko aukera ere izango dugu. Urtean zehar ere horixe egin dugu, eta, horri eskerrak, Elorrion lan egiten dugun emakumeok harremandu eta elkar hobeto ezagutzeko aukera izango dugu.
'Zaintza barik bizitzarik ez' ikastaroetan parte hartu duzue. Zelako esperientzia izan da?
G. A. D. G.: Pertsona nagusien zaintzari buruzko informazioa eta trebakuntza jaso ditugu, batez ere. Adibidez, larrialdi kasuetan zelan jokatu ikasi dugu, zorabio eta bihotzeko kasuetan. Erredurak identifikatzen ere ikasi dugu, zein mailatakoak diren, edo diabetikoen kasuan zer egin behar den larrialdirik egonez gero... Psikologikoki ere trebatu gara; izan ere, garrantzitsua da pertsona helduekin zelan komunikatu ikasteko.
X. D. P.: Egoera desberdinetan zelan jokatu ikasi dugu, ohatuta dagoen pertsona bat zelan mugitu gurpildun aulkira. Komunikazio arloan asko sakondu da, oso garrantzitsua delako. Azken finean, pertsona nagusiek estimua eta afektua behar dituzte batez ere. Eurekin zelan berba egin eta eurak zelan animatu ere ikasi dugu. Asko ikasi dugu ikastaro horretan, eta udalak eskaintzen dituen beste batzuetan ere bai.
Azken mezu bat elorriarrentzat?
G. A. D. G.: Eskerrak ematen dizkiogu mundu guztiari; besteak beste, udal ordezkariei, gugaz oso ondo portatu direlako. Baita gure nagusiei ere, babesten gaituztelako; azken finean, eurei eskerrak parte hartu ahal izango dugulako ekitaldian. Lehen esan dudan moduan, elorriarrak oso atseginak dira eta oso gustura gaude hemen. Heldu berriak izan arren, herriaren parte sentitzen gara, eta berotasuna eman digutelako da hori.
X. D. P: Eskerrik asko denoi! Elkarrizketa hau bera etxe askotara helduko da eta horrek ere ezagutaraziko du gure jarduna. Oso pozik gaude.