Elorrio Ferixa Nausikoak

"Kartela egitean zeozer berria probatu gura nuen"

Jone Guenetxea 2025ko ira. 3a, 19:30

Sabina Aizpuruk bigarrenez irabazi du Ferixa Nausietarako kartel lehiaketa. 2018an, berak sorturiko Barazki Festa lanak iragarri zituen jaiak. Aizpuruk Diseinu Integralaren ikasketak egin ditu Madrilen (Espainia), eta artisautza garaikideari buruzko masterra amaitu berri du Valentzian (Herrialde Katalanak).

Zelan hartu zenuen albistea?
Ez nuen espero, inondik inora. Azken momentuan aurkeztu nuen lana, inori ezer esan barik, ez etxekoei ez lagunei. Pozik nago.  

Zelan sortu duzu aurtengo kartela?
Eskuz bozeto batzuk egiten hasi nintzen, nahiko azkar, eta irtendako kaosa gustatu zitzaidan. Gero, ordenagailuan collage moduko bat egin nuen, marrazkiak bata bestearen gainean ipinita. Kolore aldetik, ziana, horia eta magenta erabili ditut.

Zergaitik aukeratu dituzu irudi horiek eta ez beste batzuk?
Egia esan, ez nuen larregi pentsatu. Zeozer berria probatu gura nuen. Bada, elizako elementu batzuk eta herriko beste zenbait hartu ditut, eta nahaste horretatik sortu nuen kartela.

2018ko kartel hartatik eboluzio bat ikusten duzu?
Bai. Ez dakit onerako ala txarrerako izan den, baina eboluzio bat dago, bai. 2018ko kartel hartan ikusitako gauza batzuk orain ez nituzke egingo. Baina ikusten dut nirea den puntu bat. Zati batean, neure burua islatuta ikusten dut. Diseinatzaile lez egindako lanetan beti ikusten dituzu akatsak baina... epe batzuk bete behar dira. Lanak amaitu egin behar dira.

Zelan sentitzen zara herriko kaleetan zure kartela ikustean? 
Apur bat arraro, lotsa apur bategaz. Apur bat lotsatia naiz, baina horretaz bizi gura dut eta hori onartu beharko dut. 

Jaietan zer duzu gustukoen?
Denetik apur bat. Egunez zein gauez parte hartzen dut. Mozorrotzea ere oso gogoko dut. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!