Bixente Aizpurua elorriarra hil da, Lourdesko Ama ikastetxeko zuzendari, Kainaberako kide eta ANBOTOko kolaboratzaile izandakoa

Anboto 2025ko abu. 5a, 10:59

Atzo hil zen, 67 urterekin. Aizpurua oso herritar ezaguna izan da Elorrion. Herriko makina bat eragile eta elkartetan esku hartu du urteetan. Hedabide honetan ere urte luzeko lana egin du iritzi zutabeak idazten.

Elorriarrek arrazoi on ugarigatik gogoratuko dute Bixente Aizpurua Eguren. Pertsona ezaguna eta gertukoa izan delako beti, eta determinazio osoz jardun duelako herriko eragileen eta elkarteen mesedetan lanean. Askok Lourdesko Ama ikastetxeko irakasle eta zuzendari modura gogoratuko dute, bertan jardun zuen-eta erretiroa hartu arte. Beste hainbatek, berriz, bere alderdi solidarioagatik gogoratuko dute, Aizpuruak Kainabera elkartean ere jardun duelako, elkartasuna eta herrien arteko kooperazioa garatzen. Elorrioko Udalean ere utzi du arrastoa, herriko talde independentearen ordezkari ere izan baitzen hainbat urtez. Eta jakina. Argiñetako kofradiak ere maitasun handiz gogoratuko du Aizpurua, auzoko jaiak antolatzen luzaroan jardun duelako etengabe. Argiñetako auzotarrek atzo amaitu zituzten aurtengo jaiak, hain zuzen ere, eta omenaldi txiki bat egin zioten herrikideari, hura hil zela jakin berritan.

ANBOTOko lantaldeak ere luzaroan gogoratuko du Bixente Aizpuruaren ekarpena eta eskuzabaltasuna. Iritzi zutabeak idazteko prest egoten zen beti, hausnarketarik interesgarrienak bai lantaldearekin bai astekariko irakurleekin partekatzeko prest. Hedabide honetako lantaldeak lerrook aprobetxatu gura ditu Aizpuruaren senideei eta gertuko guztiei doluminak eta besarkada bana eskaintzeko. Eskerrik asko, Bixente, hainbeste urtean ANBOTOri, tokiko informazioari eta euskarari ekarpenik eskuzabalena egitearren! 

Hileta elizkizuna

Bixente Aizpuruari Elorrioko Sortzez Garbiaren basilikan emango diote azken agurra, bihar, abuztuak 6. Hileta elizkizuna arratsaldeko 19:00etan izango da.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!