"Oso harro nago prozesuagaz eta emaitzagaz"

Anboto 2025ko uzt. 22a, 08:16

Olatz Salvador. MAITANE CAMPOS

'Aho uhal' lana kaleratu ostean, arriskatu eta bestelako elementuekin jolastea gura zuen Olatz Salvador musikariak 'Zainak eman' lanean. Iazko udazkenean kaleratu ostean, zuzenean aurkezten ari da orain. Uztailaren 26an kontzertua eskainiko du Salvadorrek Elorrioko plazan, 22:30ean; 'Zainak eman' diskoaren aurkezpen biran murgildua dago donostiarra

Ia urtebete igaro da 'Zainak eman' kaleratu zenuenetik. Perspektibagaz, nola ikusten duzu prozesu hori?
Sortu nuenetik are denbora gehiago igaro da, hori dela eta, urruneko zerbait moduan ikusten dut prozesu hori bera. Jendeak orain ezagutu dituen kantu horiek denbora piloa daramate nire buruan, eta aldi berean, gauza berriak sortzen hasteko gogoa dut. Asko disfrutatzen ari naiz abesti hauek zuzenean jotzen, baina nire gogoa bada, aldi berean, zerbait berria sortzen hastea, nolabait, publikoarengandik pauso bat aurrerago goaz. Sortzen hasteko gogoa daukat, baina denbora falta zait. 

Esperimentaziotik jo zenuen sorkuntza horretan. Beteta geratu zinen?
Disko bakoitzean beti daude betetzen zaituzten gauzak, eta pendiente geratzen direnak. Eta horrek bultzatzen zaitu, nolabait, gauza berriak sortzera. 'Aho uhal' diskoagaz gertatu zitzaidan gauza batzuekin oso konforme geratzea, eta beste batzuekin, ostera, pendiente geratu zitzaidan, adibidez, pixka bat gehixeago arriskatzea; oraingoan bete dut hori, baina pendiente geratu zait sormen aldetik buruan nituen gauza batzuk probatzea, eta aldi berean, horrek motibazioa ematen dit hurrengo pauso horiek emateko. Oinarrizkoa da egin ez dituzun gauzak probatzeko gogoa edukitzea beti, eta nire kasuan, behintzat geldi ez geratzeko balio dit. Badaude beste talde batzuk, behin beraien estiloa aurkituta, hortxe mantendu eta mugitzen direla. Oso errespetagarria da, baina ez da nire kasua. Musikagintzan ematen dudan bide honetan ahalik eta gauza gehien probatu eta ikasi nahi ditut, eta horrek ere eboluzio bat markatzen du. 

Eta publikoak ulertzen du arrisku horiek hartzea?

Uste dut denetik dagoela. Badago jende bat, nundik jo nahi izan dudan ulertu duena, eta eskertu duena arriskatze hori. Ez delako hain erraza, agian ez gaudelako hain irekita pop eta rock doinuetatik irtetzen diren gauzetara. Nahiz eta badagoen jende oso kulturzale eta melomanoa ere. Eta eskertzekoa da, noski, jende horren babesa, baina nabaritu dut bestea ere; badago jendea ez dela gerturatu bira honetako kontzertuetara, ez zaiolako diskoa gustatu. Ni prestatu nintzen horretarako ere, ez da inori aurpegiratzen diodan zerbait, besterik gabe, bidea egin ahala jende bat galdu dezakezu eta jende berria hurbiltzen da. Bakarrik geratzeko beldurra nuen, baina oso pozik nago ez delako hori gertatu. Oso eskertuta jarraitzen dut. Ez da erraza oreka hori mantentzea, eta iruditzen zait hemen oraindik marko horietatik irtetzeko ausardia beharrezkoa dela, batez ere publiko bezala. Inoiz entzuten ez ditugun gauza horiek entzutea falta zaigu. Nik egin dudana ez zait iruditzen hain esperimentala denik, baina jende bati arraroa egin zaio, eta horrek zer hausnartu eman dit.

Norbera gustura geratzeak du garrantzia.
Musika sortzea oso bokazionala da, eta sorkuntzak norbera beteko ez balu, ez luke zentzurik. Nire bidea behintzat hori da, ezin ditut gauzak kanpora begira bakarrik egin. Sortzen dudanak nire momentuko egoeraren ispilu izan behar du. 

Elementu elektronikoek presentzia irabazi dute lan honetan. Hori zuzenekoetara eramateak buruko min asko eman dizu?
Asko [barrez]. Gironako estudio batean egin genuen ekoizpena, eta bertan sortu genituen soinu guztiak. Erronka handia izan zen gero ikustea soinu horiek nola egokitu eta prestatu zuzenekoetarako. Gogoratzen dut iazko udako egun eguzkitsuak lokalean maratoiak egiten pasatu genituela. Taldekideen laguntzari esker lotu nuen; Esti Beraza teklatu eta sintetizadoreetan batu zen taldera, eta berak ere nahikoa burukomin izan zuen soinu horietara gerturatzen. Ordu asko izan ziren, baina prozesuarekin eta emaitzarekin oso harro nago. Jendeak esaten dit, konplikatzea gustuko dudala. Hori da aukeratu dudan bidea, egia esan, nik neuk ere eskertzen dudalako gero musika zuzenean jotzen denean, bertan sortzen denean. 

Diskoan Izaro Andres mallabitarrak eta Leire Vargas durangarrak parte hartu dute. Nondik dator harremana?
Leire Vargas eta Oihana Aranagaz nengoela, buruan zein idea nituen komentatu nien, eta apur bat lehor nengoela, ez ninduela betetzen sortzen ari nintzenak. Nolabait esateko, SOS bat izan zen, ikusteko ea beraiek zer zuten esateko eman nien ideiari buruz; naturatik jo zuten eta asko gustatu zitzaidan. Denbora bat utzi nuen arnasa hartzen, baina ostera ekin nionenan, banekien single usaina zuela. Gainera, iazko udaberrian aurkeztu nuen kanta, eta sinbolikoki garrantzitsua zen niretzako, loratze bat erakusten zuelako. Bestalde, Izaro eta biok aspalditik gara lagunak eta askotan kolaboratu izan dugu batak bestearen kontzertuetan. Arraroa zena zen lehenago estudioan ez kolaboratu izana. Hasiera batean, beste batek kantatu behar zuen abesti honetan, baina aukera hori erori zela kontatzen ari nintzaiola 'neuk eingot' esan zidan. Eta egin genuenean, gogoa sartu zitzaigun elkarregaz gauza gehiago sortzeko, oso ondo pasatzen dugulako batera. Ez dugu baztertzen etorkizunean zerbait jostalariagoa egitea. Pentsatu azkar batean, Eneko Sagardoy aktorea ere okurritu zait, elkarrekin abestu izan dugulako zuzenean. Miren Amuriza bat, edo Igor Elortza ere etortzen zaizkit burura... Badaude hainbat sortzaile elkarregaz aritu garenak eta miresten ditudanak.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!