Markel de la Fuente: "Lotara joaterakoan begietan min handia sentitzen hasi nintzen. Segundu batzuetan itsu gelditu nintzen"

Anboto 2025ko uzt. 17a, 08:29

Markel de la Fuente mendizale elorriarrak Peruko Huascarán menditik (6.764 m.) bigarren kanpamendura jaisterakoan ikusmena galtzen zebilela nabaritu zuen. Lehenengo kanpamentura oinez jaitsi eta helikopteroan Huarazera eraman zuten mediku batek artatu zezan.

Autobusean da Markel de la Fuente, Limara bidean. Elorriorako itzulera aurreratu egin behar izan du Perura egindako espedizioaren barruan. Domekan Huascarán mendia (6.768 m.) igo zuen beste bi mendizale kataluniarrekin.

Domeka iluntzean Huascarán mendiaren gailurrera abiatu zineten 6.000 metrora dagoen bigarren kanpalekutik. Zer gertatu zitzaizuen?
Gauez irten ginen eta goizaldean gailurrera heldu ginen. Bertan konturatu nintzen betaurrekoak galdu nituela. Aldean neramatzan, baina agian kaskoa kentzerakoan jausiko zitzaizkidan. Lainotuta zegoen eta begietan ez nuen ezer arrarorik sentitu. 14:00 inguruan bigarren kanpalekura heldu ginen atseden hartu eta hurrengo egunean jaisteko helburuagaz.

Noiz hasi zinen ikusmen arazoak nabaritzen?
Iluntzean lotara joaterakoan begietan min handia sentitzen hasi nintzen. Segundo batzuetan itsu gelditu nintzen. Ez nuen ezer ikusten. Mediku batekin berba egin gura izan genuen. Serioa zela esan ziguten eta medikuarenera joan beharra nuela. Abisu hori emanda, Peruko larrialdi zerbitzuek erreskatea mobilizatu zuten. Gaua zen eta haize handia zegoen. Helikopteroa ezin zen gure bila etorri.

Egoera horren aurrean zer egitea erabaki zenuten?
05:30 inguruan, argitzen hasi zenean bi lagun kataluniarrekin lehenengo kanpalekura jaitsi ginen, 5.000 metrotara. Oinez jaitsi nintzen bien artean lotuta, eta begiak babestuta. Erreskateko laguntzaileak bertan zeuden eta helikopteroa zain genuen Huaras herrira joateko. Oftalmologoak proba guztiak egin zizkidan eta dena ondo zegoela esan zidan, tratamenduagaz osatuko zela.

Tratamendua ondo doa?
Bai, apurka-apurka hobetzen doa. Bigarren eguna da eta ia sendatuta nago.

Lagunak Perun gelditu dira, baina zuk itzulera aurreratzea erabaki duzu.
Bai, beste bi aste gelditzen zitzaizkidan, baina bueltatzea erabaki dut. Beste baten izango da.

Hedabideetan zabaldu duten informazioagaz ez zaude ados.
Peruko albiste kateek zabaldutako informazioa kaleratu dute estatu mailako hedabideek. Erreskate zerbitzuen lana asko eskertu dugu, baina gu izan ginen oinez jaitsi ginenak kanpalekura basera. Ez zen makroerreskate bat izan. Lasai-lasai bajatu ginen. Eta betaurrekoak aldean eraman nituen, baina jausi egin zitzaizkidan.

Zein sentsaziogaz zatoz etxera?
Pena apur bategaz aklimatazio fasean geundelako laugarren mendia igotzen. Motibatuta geunden gauza handiagoak egiteko. Aurretik beste hiru gailur igo genituen: Nevado Pisco (5.600 m.), Vallunaraju (5.800 m.) eta Alpamayo (6.000 m.). Aldi berean, pozik nago dena ondo irten delako eta anekdota legez gelditu delako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!