Pulla Azkarreta plan partzialari hasiera ematea onartu du Elorrioko Udalak

Anboto 2025ko uzt. 4a, 11:39

Artxiboko irudia.

Hainbat urte, tramite eta prozesu judizialen ostean, Elorrioko Udalak Pulla Azkarreta plan partziala onartu du. SPRI-LUR promotereak plana onartzeko beharrezkoa zen dokumentazioa aurkeztu du udaletxean. EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu da planari hasiera ematea; Elkarrekin-Podemos alderdiak aurka bozkatu du. Ohar batean azaldutakoaren arabera, dokumentazio hori aurkeztuta udala "derrigortua dago espedientea tramitatzera". 

"Dagozkion txostenak batu ostean, Tokiko Gobernu Batzarrak hasierako onarpena eman dio planari", azaldu dute. Behin Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuta, alegazioak aurkezteko epea irekiko da. 2011n onartu zen HAPO dago indarrean Elorrion, eta horren arabera, Pulla Azkarreta auzoko eremu bat "berrikuntzarako industrialdea" da. "Beraz, plan partzial baten bidez garatu daiteke", azaldu dute oharrean. 

Alegazioak aurkezteko legezko epea, gutxienez 20 eguekoa da, behin Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean. Datak kontutan hartuta, udalak 45 laneguneko epea jarri du udalak. "Alegazioak erantzun ondoren, bidezkoak diren aldaketak egin eta udalak behin-behineko edo behin betiko onespena emango dio, Osoko Bilkuratik pasata. Hala, behin betiko onarpenarekin eduki osoa Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta ondoren, sustatzaileak prozesuarekin jarraituko du", azaldu du udalak.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!