"Elorriora itzuli eta diskoa egitea erabaki gakoa izan zen"

Aritz Maldonado 2025ko uzt. 5a, 10:20

Zoe Igartiburu musikari elorriarrak 'You where there' lan luzea kaleratu du aurten; Erlantz Prieto Shinovako gitarjoleak ekoitzi du diskoa bere estudioetan. Lasaitua hartu du elorriarrak diskoa kaleratuta. Hiru urteko lan prozesua izan dela azaldu du.

'You where there' zure lehen lan luzea kalean da. Zelako harrera izaten ari da?
Oso pozik nago, azkenean irten delako. Azken finean, hiru urte daramatzat honekin. Jendeari asko gustatu zaio, eta jendeak ere esan dit, ez dela lagunak edo ezagunak direlako, benetan gustatu zaielako baizik; jende batek bere konponketak ere proposatu dizkit kantu batzuetan, oso pozgarria da. Lasaitua hartu dut, prozesua nahiko estresagarria izan delako. Erabaki garrantzitsuak ere hartu behar izan ditut, eta pozik nago.

Zelako erabakiak?
Madrilen ikasten egon nintzen, eta lehenengo erabaki garrantzitsua Elorriora itzultzea izan zen, nire denbora bete-betean musikari eskaini ahal izateko. Hortik aurrera, orokorrean, abestietan nondik jo ere erabaki behar izan dut. Baina garrantzitsuena, Elorriora itzultzea eta diskoa egitea erabakitzea izan zen. 

Hiru urteko prozesua kudeatzea ez da erraza izango.
Hiru urte lehenengo abestia idatzi eta amaierako ekoizpena egin dugunera arte izan dira. Lehenengo urtean, Madrilen nengoela idatzi nituen abesti batzuk; Elorrion idatzi ditut gainontzekoak, lasaiago nengoela, eta inguruan jende garrantzitsua edukita. Diskoa egiterakoan, nire gurasoak eta nire neba oso gakoak izan dira, beti izan ditut laguntzen; gero, Erlantz Prieto aipatu gura dut, berak ekoitzi du diskoa, eta pila bat lagundu dit; Johanns Steiner ere abesti batzuetako produktorea izan da, madrildarra da bera; Josu Perez elorriarrak argazki, bideo eta diseinuak egin ditu. 

Ikusten da abestietan eta soinu aldetik ere garapena.
Denbora honetan lortu dudan gauzetako bat, nire soinua lortzea izan da. Lehen gehiago zen abestiak idatzi eta grabatu, presarekin, nolabait esatearren; orain, nire denbora hartu dut, eta lagundu ere egin didate. Nik pianoarekin edo gitarrarekin idazten ditut abestiak, baina gero, Erlantzek lagundu dit.

Pop doinuak jorratzen dituzu orokorrean, baina badituzu beste ñabardura batzuk ere. Nola definituko zenuke zure soinua?
Popa da, baina esango nuke pop lasaia dela; badaude bi edo hiru abesti kaña handiagoarekin, baina besteak lasaiagoak dira. Esango nuke, udan entzuteko abestiak direla, lasai, eta eguzkia atzean duzula. 

Etorkizun batean ere hortik jotzea aurreikusten duzu?
Egia da oso gustura geratu naizela soinu honekin, baina asko gustatzen zait gauza berriak probatzea eta soinuan arakatzea. Estilo edo doinu berriak probatu gura ditut, baditudalako ideia batzuk hurrengo disko batean lantzeko moduan. 

Disko berri bat lantzeko gogoz, beraz?
Bai! Niri aktibo egotea gustatzen zait. Egia da, beharrezkoa dela noizean behin gelditzea ere; adibidez, diskoa irten zenean, behar nuen atseden hori hartzea, pisu bat gainetik kendu nuelako, baina orain ostera behar dut gauzak egitea, idaztea. Lagunekin nagoenean, adibidez, edo edozein unetan, zerbaitek inspiratzen nauenean, ideia horiek apuntatzen saiatzen naiz, idazteko behar hori sentitzen dut.

Musika gitarra eta pianoarekin konposatzen duzu. Lehentasunik duzu?
Beharbada oso tipikoa da, baina ideia lasaiago edo tristeago bat badut, pianora jotzen dut, eta zerbait animatuagoa bada, gitarrara. Baina, momentuaren arabera, edo aurrean dudan instrumentuaren arabera. 

Maitasuna da diskoaren ardatza, ertz desberdinetatik jorratua, baina maitasuna orokorrean.
Jarraitzen ditudan artistek album kontzeptualak egiten dituzte, hau da, gai baten inguruan hitz egiten dutenak. Nik horrelako zerbait egitea gura nuen, baina ez nuen egin nahi maitasun erromantikoari buruzkoa bakarrik. Diskorako letrak idatzi nituenean, ez zen unea maitasun erromantikoari buruz hitz egitekoa, gauza gehiago nituen buruan eta bizitzan. Maitasunari buruz hitz egitea gura nuen, eta ariketa bezala jarri nion nire buruari, ea non topa dezakedan. Eta non topa dezaket maitasuna? Bada, familian, lagunen artean, benetako adiskidetasun batean... Orokorrean, istorio bat dago diskoan, maitasun desberdinak kontatzen dituena. 

Garrantzi handia ematen diezu letrei, musikari bestekoa.
Letrak oso garrantzitsuak dira, nire ustez. Beharbada, jendea ez da gelditzen, eta jada ez ditu letrak irakurtzen. Abesti berri bat entzuten dudan bakoitzean, letrak adi entzuten ditut, eta nirekin ere berdina egin dezaten gura nuke. Saiatzen naiz, behintzat, niretzat garrantzitsuak izan daitezen.

Zuzenean aurkezten ari zara orain diskoa. Baduzu emanaldirik?
Emanaldiaren arabera formatuz aldatzen dut. Taldearekin zein bakarka jo dezaket. Hirurok batera saiatzen ari gara kontzertuak lotzen. Bateria Paula Moreno durangarra da, eta bajista Iñigo Fernandez, Castrokoa. Uztailaren 13an Saturrarango txiringitoan joko dugu, hirukote formatuan. Malagara ere joango naiz jotzera, ni bakarrik, akustikoan. 

Etxetik datorkizu musikarako zaletasuna. 
Nire gurasoak musikariak dira, eta etxean beti izan dut musika oso presente. Txikitataik instrumentuak alboan izan ditut, eta hori laguntza itzela da. Mundu guztiak ez du aukera hori.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!