Elorrioko eta Arratiako musika eskolek Gorbeiatik Anbotora bidaia musikala prestatu dute elkarlanean. Iaz, Anbototik Gorbeiara egin zuten, Igorren, eta hango arrakastak bultzatuta animatu dira aurten ere antzeko ekitaldia egitera. Elorrioko ikasle gazteen Besaide Band eta Arratiako ikasle gazteen Gorbeia Ensemble taldeek indarra batuko dute beste behin ere, eta eurekin batera hainbat gonbidatu izango dute kontzertuan; musika izango da nagusi ekitaldian, baina bestelako diziplinak ere jorratuko dituzte. LOR taldeko Landerrek eta Kimetzek ere parte hartuko dute, eta baita Monshine Wagon taldeak, Goizeder Abendibar harri jasotzaileak, Oihana Azkorbebeitia mendi lasterkariak, eta Elorrioko eta Arratiako dantzariek ere. Maider Arangurenek egingo ditu aurkezle lanak musika, kultura eta euskal tradizioa batzen dituen ekitaldi berezian. Bigarren edizio honegaz ere, antolatzaileek lanean jarraitzen dute zero kilometroko ikuskizuna egiteko helburuaren alde. Iaz, Kepa Junkera musikaria omendu zuten.